Erakusketa

'Black is Beltza' erakusketa hartu du Donostiako San Telmo museoak

Irailean aurkeztuko dute Black is Beltza animazio filma, eta hura egiteko erabili den materiala jarri dute ikusgai Donostiako San Telmo museoan. The Art of Black is Beltza liburua ere aurkeztu dute, animazio filmaren "kontakizun grafikoa".

Black is Beltza erakusketa, Iruñeko Komikiaren VI. Azokan. IDOIA ZABALETA, FOKU
itziar ugarte irizar
2018ko ekainaren 15a
14:27
Entzun

Hazten jarraitzen du Fermin Muguruzaren Black is Beltza proiektuak. Harkaitz Cano idazlearekin eta Jorge Alderete ilustratzailearekin batera sortutako komikia du oinarri-oinarrian Donostiako erakusketak, baina, aurretik Bilborako eta Bartzelonarako prestaturiko erakusketak ez bezala, animazio filmerako erabili duten materialean ardaztu dute oraingoa. Irailean aurkeztuko dute filma, eta Black is Beltza aurten "Itakara" helduko dela aipatu du horregatik Muguruzak, gaur goizean, San Telmo museoan egindako aurkezepenean.

The Art of Black is Beltza liburua ere aurkeztu dute, proiektuaren "izaera transmedia" jasotzen duen lana, Antxiñe Mendizabal Elkarreko editorearen hitzetan.

2000. urteko egunkari orri batean aurkitu zuen Fermin Muguruzak Black is Beltza-ren abiapuntua izango zena: Iruñeako erraldoiak 1965ean New Yorkera desfilatzera joan ziren, baina erraldoi beltzek ezin izan zuten desfilean atera, diskriminazio arrazista tarteko. "Dena biltzen zen hor niretzat: arrazakeria, zentsura, beti erabiltzen dudana, dantzatzen duen herri bat ez dela inoiz hilko", azaldu du musikariak. 1960ko hamarkadako gertakariak erakusten ditu lanak, Euskal Herrikoak eta mundukoak, Manex Unanue protagonistaren begietatik.

Festa eta proiekzioak

Erakusketa hiru hilabetez egongo da San Telmoko Laborategian, irailaren 30era arte. Eta bitarte horretan, hainbat jarduera egingo dituzte museoan bertan. Uztailaren 21ean, larunbata, "festa handi bat" antolatu dute, eta The Sey Sisters, Bad Sound System eta DJ Unai Muguruzak hartuko dute parte. Ziema emanaldi hirukoitza ere antolatu dute: Heavy metal (1981), Have a nice day (2017) eta Re-Vengeance (2016) pelikulak eskainiko dituzte, uztailaren 3an, 10ean eta 17an, hurrenez hurren. Bi bisita gidatu ere egingo ditu Muguruzak irailean.

 

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.