Ostiralean hasiko da Donostiako 64. Zinemaldia. Eta, aurreko lau urteetan bezala, BERRIAk Zurriolako butaka telebista saioa egingo du egunero, beste hedabide batzuekin elkarlanean. Hamaika telebista, Gaztezulo eta Irutxuloko Hitza dira saioko beste lagunak, eta aurten elkarlanera Zinea.eus atari espezializatua batu da. Maialen Goñi Zinea.eus-eko koordinatzailea Zurriolako butaka-n eseriko da ostiralean, proiektuaren berri emateko eta elkarlanaren onurez hitz egiteko. BERRIAk bere webgunean zuzenean emango du saioa Zinemaldiko egun guztietan —igandean izan ezik—, 11:00etan. Behin saioa amaitu eta gero, programako elkarrizketak eta bideo erreportajeak ikusteko aukera izango da, baita saioa osorik ere. Hamaika telebistak 20:00etan emango du. Kursaalaren behealdetik egingo dute egunero saioa, eta aurkezlea Inaxio Esnaola izango da.
Ostiralean, lehen atalean, Eriz Zapirain dokumental egilea izango da lehen elkarrizketatua. Gaur irekiko ditu ateak dokumentalaz mintzatuko da —Zinemira sailean emango dute lana astelehenean eta asteartean—. 1990. urtera egiten du jauzi dokumental horrek, Euskaldunon Egunkaria-ren sorrera eta lehen pausoak nolakoak izan ziren ezagutzeko.
Koldo Almandozek, bestetik, Sipo Phantasma filmaz hitz egingo du. Film hori Zabaltegi-Tabakalera sailean lehiatuko da, nazioarteko zinemagile garrantzitsuen lanekin. Rotterdamgo nazioarteko jaialdian estreinatu zuten Almandozen lana, eta ostiralean bertan ikusi ahalko da Tabakalerako zinema aretoan.
Saioko bideo erreportajeen artean, Alfred Hitchcocken argazki erakusketa, Jean Beckerren atzera begirakoa eta Gaztezulo-ko kideek Gaur irekiko ditu ateak dokumentalaz egindako bideo-kritika izango dira.
BERRIAk Donostiako Zinemaldian askotariko edukiak argitaratuko ditu bai paperean bai Interneten. Zinema kritikarien zutabeak, elkarrizketak, iruzkinak, artikuluak eta nazioarteko zinema jaialdiaren inguruko kontu ugari argitaratuko ditu datozen egunetan, bi euskarrietan. Blog batean, halaber, Zinemaldiko kontu ugari irakurri ahalko dira, baita Zurriolako butaka saioaren edukiak ere.