Zinema

'Handia' efektua aztergai

Zinea.eus atariak Durangoko Azokan Handia efektua: zerk mugitzen gaitu? izenburuko solasaldia antolatu zuen. Atariak mahai ingurua osorik jarri du sarean.

Handia filmaren efektua-ri buruzko mahai-ingurua, joan den ostiralean, Durangoko Azokan. MONIKA DEL VALLE, ARGAZKI PRESS
urtzi urkizu
2017ko abenduaren 14a
21:00
Entzun

Zinemaren inguruko bost aditu bildu ziren mahaiaren bueltan abenduaren 8an, galdera bati tiraka hasi, eta, azkenerako, euskal zinemagintzaren hamaika ertz ukitzeko. Galdera argia zen: zerk erakarrita bildu dira zinema aretoetara milaka lagun Aitor Arregi eta Jon Garañoren Handia filma ikustera? Erantzunen artean, bat etorri ziren denak lan ona dela, baina baita hori ez dela faktore bakarra izan ere.

[youtube]https://youtu.be/M40DD3z-lXU[/youtube]

Zinemak eta ikus-entzunezkoek ere badute beren tokia Durangoko Azokan, Irudienean bereziki. Hirugarren urtez antolatu du bertan horrelako solasaldi bat Zinea.eus atariak, eta hango kide Maialen Goñik gidatu zuen abenduaren 8koa. Iratxe Fresneda EHUko irakasle, ikerlari eta zinemagileak, Zigor Etxebeste irakasle eta zinematografian adituak, Amaia Serrulla Donostiako Zinemaldiko hautespen batzordeko kideak, Santi Leone historialari, zutabegile eta zinemazaleak, eta Angel Aldarondo ekoizle eta BERRIAko zinema kritikariak osatu zuten mahaia. Eta hasteko, jolas moduko bat proposatu zien Goñik: euskarazko lau film eman Aupa Etxebeste!, Asier eta biok, Loreak, eta Amama, eta bi aukeratzeko eskatu zien, haien hautua edo, finean, haiekiko erakarpena argudiatzeko eskatuz. Eta berehala jabetu ziren entzuleak askotariko arrazoiak egon daitezkeela film bat edo beste aukeratzeko.

Gertuko gaiak jorratzeak ote du zer ikusirik handiena ikusleen aukeraketan, euskal filmei dagokienez? Gai horiei buruz egileen ikuspuntua jakitea erakargarriago zaio Etxebesteri, adibidez, baita filma zein generotakoa den ere. Leoneren iritzian, esaterako, gai jakin bat interesatzeak erakar dezake inor film bat ikustera, baina edonola, Euskal Herrian girotuta dauden arren, Ander, Loreak edo beste hainbat lanetan jorratutakoak gai unibertsalak direla nabarmendu zuen. Eta horri tiraka, euskal zinemagintzaren industriaren egoeraz jardutera pasatu ziren hizlariak: instituzioek euskal produkzioak sustatzeko jorratzen dituzten bideak eraginkorrak ote diren, lanak zabaltzeko banaketa sareak egokiak al diren, zinema ikustera aretoetara doazenen artean gazteak ba ote dauden, zinemaren kontsumoan telebista plataformak nolako eragina izaten ari diren, hizkuntzaren hautuak zein pisu duen... Gai mamitsu ugari ukitu zituzten.

Bada, horiek guztiak horrela, zerk mugitu du hainbeste jende Handia ikustera? Zerk bilakatu du urteotako euskarazko lanetatik gehien ikusia? Aldarondoren ustez, faktoreak asko dira, baina Loreak-ek egindako bidetik, Zinemaldian erakutsi izanak eman dion oihartzuna izan daiteke gakoetako bat. Serrulla bat etorri zen horretan, eta gehitu zuen istorioak tradiziotik eta unibertsaltasunetik edateak, oreka horrek ere izan duela zer ikusirik. Moriartiko kideek talde lanean sortzeak asko eztabaidatzera eramaten dituela, eta eztabaida horietatik gauza ederrak ateratzen direla aipatu zuen Fresnedak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.