'Irakurri euskaraz itxialdian ere' kanpaina abiatu dute BERRIAk eta Elkarrek

Gaurtik, egunero lau liburu egongo dira salgai BERRIAren sareko dendan, eta Elkarrek 72 orduko epean eramango ditu erosleen etxeetara.

2020ko apirilaren 22a
18:14
Entzun

Koronabirusaren krisia gizarteko arlo guztietan ari da eragiten, eta eragin hori ez da txikiena euskal kulturan. Testuinguru horretan, BERRIAk eta Elkar argitaletxeak kanpaina bat sustatu dute, «euskal liburua ikusarazten jarraitzea» helburu. Egitasmo hori euskal argitaletxeen parte hartzeari esker gauzatuko da; izan ere, euskaraz liburuak argitaratzen dituzten argitaletxe ugariren liburuak salgai jarriko dira: Alberdania, Denonartean, Desclee, Elkar, Erein, Harriet, Igela, Katakrak, MeettokMezulari, Pamiela, Susa, Travel bug, Ttarttlo, Txalaparta, Xarpa books. Argitaletxe bakoitzari hamar titulu eskaintzeko aukera eman zaio, eta titulu horiek jarriko dira salgai.

Ospakizun giro ozpin batean ospatuko da gaur Liburuaren Eguna, eta harekin bat eginez jarri da martxan egitasmoa. Asmoa da liburu dendak berriro zabaldu arte izatea martxan. Egunero, lau liburu egongo dira salgai Berria dendan, eta 72 orduko epean bidaliko du Elkarrek eroslearen helbidera. Egunez egun, katalogoa handituz joango da, egun horretan eskainitakoez gain, aurrekoak ere salgai egongo baitira. Estatuek ezarritako mugek zaildu egingo dute Ipar Euskal Herrirako banaketa; Ipar Euskal Herrian liburuak jaso nahi dituztenekin BERRIA jarriko da harremanetan bidalketa adosteko. (0034) 943-30 43 45 telefono zenbakian emango dira eskaerei buruzko argibideak.

Egitasmo horretan liburu dendak ere sartu nahi izan dira, liburu dendak baitira krisi honen hasierarik erabat itxita daudenak: «Ohiko dinamikan liburuak saltzen dituzuen horien sustapenerako ere balio dezakeen ekinbidea izatea nahiko genuke, uste baitugu euskal kulturarentzat oso garrantzitsua dela bihar ere Euskal Herriko herri eta auzoetan liburu-dendak izatea; eta, gainera, gure herri eta auzoetako kaleak bizirik nahi ditugulako».

Horregatik, erosten den liburu bakoitzeko, haren prezioaren %20 erosleak aukeratzen duen liburu dendari ordainduko zaio. Berria dendan egongo da eroslearen eskura liburu dendaren izena eta herria zehazteko eremua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.