"Biharko klasiko bat" zela iragarri zuten editoreek 1994an, Otto Pette lehen aldiz argitara eman zenean. Eta asmatu zuten, zinez. Euskara batuak 50. urteurrena betetzen ari den honetan, aberasgarria gerta liteke gogoeta egitea Otto Pettek duela 25 urte euskal literaturari ekarri zionaz, baita gaurko irakurleari dakarkionaz eta biharkoari ekarriko dionaz ere. Horixe baita, azkenean, liburu bat klasiko bihurtzen duena: iraunkortasun emankorra; agortzen ez den literatur gozamen beti berri baten iturri izatea.
Otto Petteren ekarpenari buruz gogoeta egiteko antolatu dute solasaldi irekia Martin Ugalde Foroak eta Alberdania argitaletxeak. Andoaingo Martin Ugalde Kultur Parkean egin dute. Hizlari izan dira Anjel Lertxundi liburuaren egilea, Miren Azkarate EHUko irakaslea eta Euskaltzaina, Itxaro Borda idazlea eta Beñat Sarasola idazlea eta literatura kritikaria. Joxerra Garziak gidatu du mahai ingurua.
Saioa osorik ikus daiteke BERRIA TBn.