Musika

100 musikarik aldi berean joko dute Niko Etxarten 'Euskal Rock n´ Roll' kanta

Esker 1000 egitasmoak 1.000 musikari profesional nahiz amateur bildu nahi ditu datorren urterako, Euskal Herriko rock kantu ezagunak elkarrekin jotzeko. Dagoeneko, 300 musikarik izena eman dute. Azaroaren 24an egingo dute proiektuaren aurkezpen ekitaldia.

jarraia159497.jpg
2018ko azaroaren 19a
13:21
Entzun

"Euskarazko lehen rock kanta" hautatu du Esker 1000 egitasmoak, euskal rock mugimenduari omenaldi berezia egiteko. Datorren larunbatean, 100 musikarik joko dute elkarrekin, aldi berean, Niko Etxarten Euskal Rock n´Roll abesti ezaguna, Baionako Lauga aretoan eskainiko duten musika emanaldian. Egun horretan, egitasmoa aurkeztuko dute Euskal Irratiek eta Musika Bulegoa elkarteak, eta kontzertuak ere izango dira. Niko Etxartek, Xabi Solanok, Alex Sarduik, Watson & Lopetegik, Xabi Camarerok, Iker Laurobak eta Iholdi Beristainek joko dute.

Aurkezpen ekitaldia deigarria izango da, baina are harrigarriagoa da Esker 1000k datorren urterako bere buruari jarri dion erronka: 1000 musikari batu nahi ditu, datorren urtearen amaieran euskal rockaren 11 kanta ezagun jotzeko. Dagoeneko, 300 batzea lortu dute.

Esker 1000ren ideiak Rocking'1000 egitasmoa izan du inspirazio iturri. Elkarte horrek 1.000 musikari elkartu zituen Italiako Cesena hirian, Foo Fighters taldearen kanta bat jotzeko. Ekintza horrekin taldearen arreta bereganatu nahi izan zuten, hiri horretara kontzertu bat jotzera joan zitezen. Eta lortu zuten helburu zuten oihartzuna; baita kontzertua ere.

[youtube]https://youtu.be/JozAmXo2bDE[/youtube]

Antzeko performance batekin, bestelako helburu batzuk lortu nahi dituzte Esker 1000 egitasmoaren bultzatzaileek. Besteak beste, hedadura handiko ekitaldi baten bitartez, euskal rocka eta euskal kultura ezagutaraztea eta zabaltzea munduan, "berpizte kulturalaren oinarria izan diren euskal rockari eta musikariei" omenaldia egitea, euskararen inguruan eta euskaraz eramaten den proiektua garatzea, Euskal Herri osoko musikariak biltzea eta lurralde euskaldun guziak harremanetan jartzea.

Proiektuak hiru urterako erronkak finkatuak ditu dagoeneko. Aurten, Niko Etxarten Euskal Rock n' Roll abestiaren bertsioa grabatuko dute 100 musikarirekin. Datorren urterako, 1000 musikari euskal rockaren 11 kantu jotzen grabatzea da helburua. 2020an, berriz, dokumental bat aurkeztuko dute, eta euskal diasporara zabalduko dute egitasmoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.