Arbelari begira. Euskal Kulturaren Transmisioari Buruzko 4. Graduondokoa

1.234 urte, 144 minututan

Jon Artano Izeta.
2012ko azaroaren 27a
00:00
Entzun
Bi ordu eta hogeita bi minutuz hitz egin zigun. Azkar eta ondo gainera. Eta denak esan gabe geratu zen. Etxekoa dute HUHEZIn eta, konfiantzan, azken hamarkaden errepasoa behar zukeena Orreagatik hasi zuen Jose Angel Irigaraik. «Orduko Bush eta NATOri erasoz, lehen aldikotz historian, baskoiek subjektu politiko bezala aurkeztu zutelako euren burua». Aretxabaletako fakultatetik Orreagako gudura. 1.234 urteko jauzia.

Xarlemagne, Picaud, Etxepare, Leizarraga, De Lancre, Kanpion eta Arana, Stalin, Oteiza, Zizek eta Kastoriadis... Ikasgelatik erudizioz berdoztuta irteteko arriskuan geundekeen, Irigarai doktoreak ez balu bere hizketa hain ederki maneatu gatz-piperdun digresioez. Esate batera Jose Paulo Ulibarriren —XIX. mende hasierako Okondoko albaitaria— eskutitzak irakurriz. Duela 200 urte euskarazko «ikasolak» suharki aldarrikatzeak gehienok harritu egin gintuen; Ulibarrik «bihotzeko emaztetxo on-ona»-ri idatzitako pasarte erotikoek denok bixitu gintuzten: «Ohe hartan hamazazpi bider zeugaz ametsetan isuri hazia... ai Maripepatxu!».

Halako batean iritsi zen azken mende erdira. Gure kulturak aitzindaritza hartu zuenekoak kontatu zizkigun, Ez Dok Amairukoak-eta. «Erdaldunak geuri so» geneuzkanekoak, «hor badago irakasbidea gure konplejuentzako».

Bere ustez trantsizioan hasi zen degradazioa, kulturan bezala politikan. Egurra eman zien muineko bi motor politikoei: batzuk Agirre traizionatu eta oportunismoan jausiz otapurren zain egon direlako; besteak infantilismo politikora eraman zituelako amets zapuztuen frustrazioak. «Finean txanpon beraren bi aurpegiak, estrategiarik ezarenak». Euren jarduna estatuak egiten duenaren arabera ardaztu izan dutelako, heteronomiaren arabera; autonomismotik batzuk, autonomiarik gabe biak. «Zure kontzientzia, dinamikaren muina... ez datza zugan; sisteman baizik. Hori da grabeena, harrapatuta zaudelako. Pentsa ezazue 40 urte hauetan zenbat galdu dugun».

Eskolaren hondarrean planteatu zizkigun gairik-eta potoloenak. «Sua eta etxea» dikotomia faltsua adibidez. «Herria, herrigintza, sua bada. Ez dago surik etxerik gabe; ez etxerik surik gabe. Ez da bat bestea baino lehenago; biak memento berean behar dira, lotuak daude». Eta integratzeko zailtasunaz esandakoak: «Zer gertatzen zaigu bide amankomunetan ez ibiltzeko funtsezko bizi estrategian? Ez dut uste beste herriak baino madarikatuagoak garenik. Uste dut ez dugula benetan ikusten zein den bizi estrategia hori, behetik gabiltzala eta behetik ibiliz gero, endogamia horretan, liskarrak eta kontrabideak ugaritzen direla». Behe-lainoa.

Eta korolario modura esan ziguna: «Politikoki jardun behar dugu, politikaren zentzurik nobleenean. Ez gaitezen ahantz kultura, modu zabalean ulertuta, bizitzeko era, existentzian kokatzeko gure modua, konstituientea dela».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.