1512ko konkistari buruzko nazioarteko biltzarra egingo dute Atarrabian

Euskal Herriko eta kanpoko 24 historialari izango dira maiatzaren 31ko eta ekainaren 1eko eta 2ko jardunaldietan

Nazioarteko biltzarra aurkezteko atzo Atarrabian egindako prentsaurrekoa. LANDER FERNANDEZ DE ARROIABE / ARGAZKI PRESS.
Inigo Astiz
Atarrabia
2012ko maiatzaren 4a
00:00
Entzun
Zehaztasun zientifikoa. Hori da Xavier Mina Nafarroako Ikerketa Historikoen Elkarteak Nafarroako konkistari buruzko eztabaidari egin nahi dion ekarpena. «Testuingurutik kanpo, era lerratuan eta partzialean» landu da maiz 1512ko konkistaren gaia, Tomas Urzainki elkarteko kidearen hitzetan, eta horregatik antolatu dute historialarien nazioarteko biltzarra Atarrabian (Nafarroa) maiatzaren 31n eta ekainaren 1ean eta 2an. Orotara, Euskal Herriko eta kanpoko 24 historialari elkartuko dituzte.

Nafarroako konkista eta europar erreforma izango da jardunaldien izenburua. Izan ere, elkarteko kideen ustez, ezin da Nafarroan gertatu zena ulertu, testuinguru zabalagoan kontuan hartu ezean, eta nahitaezkoa da Europako erreformak eta kontrarreformak presente izatea. Xehetasun bat aipatu du, adibide gisa, Alvaro Adot biltzarraren antolatzaileak. «Aita santuak eskumikatze buldak sinatu zituen Nafarroako errege-erreginen aurka, eta hori izan zen Gaztelako erregeak konkista abiatzeko erabili zuen justifikazioa».

Zorroztasuna eta dibulgazioa

Zehaztasun asmoak ez ditu jardunaldiak astun bilakatuko, Adoten hitzetan. Zorroztasuna eta dibulgazioa uztartu nahi dituzte jardunaldietan. Eztabaida jende artera hedatzea da haien asmoa, eta 25 euroren truke jarriko dituzte hiru egunetan joateko txartelak. Egun bakarrekoek 10 euroko prezioa izango dute. Eta xaviermina.org orrialdearen bidez egin beharko dira horretarako eskariak.

Lau ataletan banatuko dituzte jardunaldiak. Lau garaitan: garai juridikoa; guda garaia; garai soziala, ideologikoa erlijiosoa eta politikoa; eta kulturaren garaia. Luzea da jardunaldietan parte hartuko duten historialarien zerrenda. Besteak beste, Atarrabian izango dira Tomas Urzainki, Pedro Esarte, Alberto Garzia, Peio Monteano, Iñaki Sagredo, Antonio Rivera, Bixente Serrano Izko, Emilio Monjo, Roldan Jimeno, Jon Oria, Jose Luis Villacañas, Esteban Antxustegi eta Aurelia Arkotxa.

Konkistaren gaiarekin lotutako beste hainbat ekitaldi antolatu ditu Atarrabiako Udalak ekainean: musika emanaldiak, antzerkia eta bai arte erakusketak ere.

Informazio gehiago bildu nahi izanez gero, bisitatu webgune hau:

www.xaviermina.org
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.