Izen handiko artistak dira denak: Pablo Picasso, Mark Rothko, Pablo Palazuelo, Antonio Tapies, Jorge Oteiza, Eduardo Txillida... eta Maria Josefa Uharteren arte piezen bildumako parte dira guztiak. XX. mendeko bigarren erdiko artearen lagin ederra. Iruñean jarriko dute ikusgai. 2008an, Nafarroako Unibertsitateari eman zizkion bere bildumako lan guztiak Uhartek, eta museo bat eraikiko dute orain haiek hartzeko unibertsitateko zelaian. Rafael Moneo arkitekto nafarrak egin du eraikinaren diseinua, eta azaroan hasiko dituzte lanak. 25 milioiko kostua izango du egitasmoak, eta 2013ko udazkenerako izan nahi dute irekita.
Aurrez ere egin du museorik Moneok, baina, dioenez, bere lanik «abstraktuena» da Iruñekoa. Barrukoa eta kanpokoa, inguruarekin lotu nahi izan du museoa. Paisaiarekin kanpoaldea, eta horretarako, landarez estaliko du eraikinaren gainaldea; eta bildumako obrekin, barrualdea, erakutsiko dituzten Picasso, Kandinski eta besteren piezen estetikarekin harmonian. «Oso bilduma intimoa da, 60ko hamarkadako espirituaren islarik onena. Garai hartako artisten distira une bat erakusten du».
Hiru solairu izango ditu eraikinak, eta 11.000 bat metro koadroko eremua hartuko du. Bederatzi erakusketa gelei eskainiko zaizkie haietariko 2.700. Entzunareto bat ere izango du, 700 ikus-entzulerentzat, baita bi tailer ere. Liburutegi bat, proiekzio guneak, biltoki bat eta beste zenbait zerbitzu ere izango ditu museoak. Diru pribatuz ordainduko da eraikina nagusiki, baina diru publikoa ere erabiliko dute. Gastuen %60 ordainduko dute enpresa eta elkarte pribatuek, eta %40, aldiz, herritarrek. Miguel Lopez-Remiro izango da museoko zuzendaria.
Argazki bilduma handia
Uhartek emandako lanez gain, Jose Ortiz-Echaguek emandako argazkiak ere hartuko ditu museoak. 1990az geroztik ditu Opus Deiren unibertsitateak lan horiek, eta orduz geroztik eman dizkieten eta erosi dituzten lanekin, 10.000 argazki eta 100.000 negatiboko bilduma osatu dute, guztira. Besteak beste, Joan Fontcuberta, Ronald Fischer eta Manuel Brazuelo argazkilarien lanak.
2013an irekiko dute arte garaikideko museoa Iruñean
Azaroan hasiko dira Rafael Moneok egindako eraikineko lanak Nafarroako Unibertsitatean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu