Euskal Herriak munduari begiratzeko modu propioa duela, horixe esan du Edu Barinaga ETBko zuzendariak. “Eta ikuspegi hori gure telebistan bildu beharra dago”. 25 urte dira bertsoak telebistaz eskaintzeko proposamena mahai gainen jarri zenetik eta Hitzetik hortzera eskaintzen hasi zenetik. 21.000 bertso eta 10.000 errima eskaini dira ordutik. “Hastapeneten eztabaida ugari egon ziren arren”, Bertsozale elkartearen eta ETBren arteko elkarlana “oparoa” izan dela azaldu du Iñaki Murua Bertsozale elkarteko lehendakariak.
“Askotan esan izan da telebista eta bertsoak tenpo ezberdinak dituztela”. Eta hortik etorri zen telebista saioa aurrera ateratzeko erronka. Hala ere, testuingurua zuzen eman eta bertsoa “desnaturalizatu gabe” ematea lortu dela azaldu du Muruak. Are gehiago, bertso saio handiak telebistaz emateko aukerari heldu diotela ere azaldu du. Eta horren lekuko izan liteke larunbatean Xilaba bertsolari txapelketako finala eskainiko dela osorik.
Ildo horretan, Barinagak apustu egiten jarraitu nahi du, eta bertsoarentzako gune berri bat bilatzeko erronka ere mahai gainean jarri dio Muruari. “Potentzialtasuna badago ahozkotasuna lantzen duten ildo horretan sakontzen jarraitzeko”. Eta Hitzetik Hortzeraz gain bertsoari eskainitako beste saio bat lantzeko gonbitea egin dio. “Aukera on bat daukagu horretarako”.
Saio berezia, abenduaren 28an
Baina hori baino lehen Hitzetik Hortzerak 25 urte bete dituela ospatuko dute ETBren lehen katean. Eta beste modu batean ezin, eta saio berezi bat eskainiz egingo dute gainera. Abenduaren 28an emango dute saio hori, eta lau bertsolariren arteko mahai inguru bat eskainiko dute. Bertan izango dira Andoni Egaña, Uxue Alberdi, Amets Arzallus eta Xabier Amuriza.