Esangura bereziko opera da Giacomo Pucciniren La bohème opera Musika Hamabostaldiarentzat. Izan ere, Hamabostaldiaren lehen jaialdian taularatu zuten Donostian, 1939an. Geroztik, Hamabostaldiak gehien eman duen opera izan da, eta lirika arloko abeslari handiek interpretatu izan dute, hala nola Beniamino Gigli eta Luciano Pavarottik. Azken horren interpretazioa izan zen La bohème-k Donostian izan zuen azkena, 1972an. 42 urteren ostean, bueltan da Pucciniren obra, Hamabostaldiaren 75. urteurrena ospatzeko asmoz.
Davide Livermorek egingo ditu eszena-zuzendari lanak, eta, Jose Ramon Encinar musika zuzendariaren batutapean, Euskadiko Orkestra Sinfonikoa ariko da opera interpretatzen, Andra Mari abesbatzarekin batera. Horrez gain, Easo Eskolaniako haur abeslariek ere izango dute tartea emanaldian, Gorka Mirandek zuzendurik. Bi koru amateur horiek lanerako izan duten jarrera goraipatu nahi izan du Encinarrek. Operako Rodolfo eta Mimi protagonisten rolak Gal James eta Giordano Lucak jokatuko dituzte. Aurretik ere aritu izan dira beste opera batzuetako rol nagusietan, hala nola Rigoletto eta Jenufa-n. Biek azaldu dute Pucciniren obra Donostian interpretatzea "gozamena" dela, nahiz eta obrak berak baduen "zailtasunik". Haiekin batera, Juan Jesus Rodriguez, Elena de la Merced, David Menendez, Fernando Latorre, Francis Tojar eta Gerardo Lopez ariko dira abeslari lanetan.
Abuztuaren 15 eta 17an izango da opera ikusteko aukera, Kursaaleko auditoriumean, 19:00etan hasita, eta oraindik badira ikuskizunetarako sarrerak. Bestalde, gaur arratsaldean egingo dute entsegu orokorra, baina salduta daude hura ikusteko sarrera guztiak.