Eusko Jaurlaritzak kultura sektorea sustatzeko eta babesteko 44.000 kultura bonu jarriko ditu salgai astelehenean. Sektorearen kezka bereziko une hauetan, Jaurlaritzak bultzada eman nahi izan die kultura lanak egin eta kontsumitzen dituztenei: sortzaileak eta herritarrak. Aurten 660.000 euro bideratu ditu kanpainara, iaz baino %32,30 gutxiago. Bonua 25 euroren truke erosi ahal izango da, eta 40 euroko balioa izango du. Aurten bonua 364 establezimendutan erabili ahal izango da honako hauek eskuratuz: liburuak —ikasliburuak, ikasketetakoak eta profesionalak izan ezik—, musika —edozein euskarritan eta kontzertuetarako sarrerak—, zinema —edozein euskarritan eta aretoetarako sarrerak—, zuzeneko ikuskizun eszenikoetarako sarrerak eta museoetara sartzeko sarrerak eta fidelitate-txartelak. Programatik kanpo geratuko dira, eta, beraz, ezingo dira bonu bidez erosi, papergintzako gaiak, informatikako eta elektronikako tresneria, eta joko eta bideo jokoak.
Salmenta tokiak eta datak
2012ko urtarrilaren 5era bitartean eros daitezke bonuak, eta erabili 20ra arte. Bizkaian, BBK-ko erabilera anitzeko kutxa automatikoetan; Gipuzkoan, Kutxako bulegoetan, 150 kioskotan eta Internetez; eta Araban, Vital Kutxan eta Internet bidez eskuratu daitezke bonuak. Gipuzkoako Kutxan erositako bonuak etxean jasoko ditu erosleak; Vital Kutxan erositakoak, beren-beregi jarritako toki batean Gasteizen, eta bezeroek aukeratzen duten sukurtsalean lurraldearen gainerako herrietan.
44.000 kultura bonu jarriko ditu salgai Jaurlaritzak
Gabonetan kultur kontsumoa sustatzeko kanpainara 660.000 euro bideratu ditu, iaz baino %32 gutxiago
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu