Handia da aurkikuntza. Antzinateko Egiptoko garai garrantzitsuenetariko bat da XVIII. dinastiakoa, eta, hain zuzen ere, garai horretakoak dira Luxorren aurkitu berri dituzten arrastoak. Faraoirik ez dago tartean, baina errege familiakoak ziren bertan topatutako momia multzoko kideetariko asko, eta horregatik albistearen garrantzia. Basileako Unibertistateko ikerlariek egin dute aurkikuntza Erregeen Haraneko nekropolian, Nilo ibaiaren mendebaldeko ertzean. Momiez gainera, sarkofagoak, hil maskarak eta ontziak ere aurkitu dituzte. Guztiak nahiko apurtuta eta nahiko kaltetuta. Baina, halere, Egiptologian azken urteetan izan den aurkikuntza nagusietariko bat izan dela diote adituek.
Aurrez ere ikertua zuten gunea, baina ez sakonki. Eta, beraz, ezagun zuten lekuan agertu zaie ezezaguna. Zerrendatuak zituzten aurkitu dituzten momietariko batzuen izenak, baina badira izen berriak ere. Tutmosis IV eta Amenofis III faraoien familiako kideak daude ezagunen artean. Baina badira sekula agertu gabeko izen batzuk ere. Ta Um Wag As eta Nefronebu printzesenak, adibidez. Hilobietan ontzi sorta ere aurkitu dutelako izan dute haien berri. Zeramikan ageri diren idazkunen bidez identifikatu ahal izan dituztelako hildakoetariko asko.
Maskarak eta zailtasunak
Zurezko sarkogafoen arrastoak eta hildakoaren aurpegia irudikatzen duten oihal eta igeltsuzko maskarak ere aurkitu dituzte. Eta enbaltsamatutako ume jaio berri batzuk ere aurkitu dituztela jakinarazi dute ikertzaileek. Ikerketa oraindik ere abian dela azaldu du Egiptoko Gobernuak, baina esperantza badute XVIII. dinastiaren erret jauregiaren egiturari buruzko datu gehiago biltzeko, eta baita bertako eguneroko bizitzaren nondik norakoen eta garaiko hileta errituen berri izateko ere.
Ez da lan erraza izango, halere. Ikertzaileek zehaztu dutenez, nahiko apurtuta eta kaltetuta daude aurkitutako arrastoak. Behin baino gehiagotan arpailatu dute hilobia, eta sute baten arrastoak ere ageri dituzte hormek. Basileako Unibertsitateko kideek zehaztutakoaren arabera, baliteke sua arpailatzaile horietarikoren batek piztu izana. Hilobia, gainera, ez da erabat isolatuta egon, eta Kristo Aurreko IX. mendean ere hilotzak gordetzeko erabili zuten. Bereizi egin beharko dituzte ikertzaileek, beraz, garai bateko eta besteko arrastoak.