“Kale arteentzako ezinbesteko erreferte bihurtu da urteekin Leioako Umore Azoka”. Baieztapena bota du lehen-lehenik Ana Lopez Leioako Umore Azokako zuzendari artistikoak, eta datuak eman ditu gero froga modura. Izan ere, Euskal Herriko zein nazioarteko 50 konpainiaren 54 emanaldi eskainiko ditu jaialdiak maiatzaren 19tik 22ra, eta guztira 125 emanaldi baino gehiago ikusi ahalko dira. Nagusiki estreinaldietan jarri du begia, halere, Lopezek, handia baita aurtengoan nobedadeen kopurua: “Estreinaldiak izango dira azokan eskainiko diren hiru ikuskizunetik bi”. Datuak berriz. Erabateko 21 estreinaldi izango dira, Euskal Herriko 12 estreinaldi, 3 kale estreinaldi, ikuskizun baten gaztelerazko bertsioaren estreinaldia eta aurre estreinaldi bat.
Euskal Herrikoak dira pieza berriak aurkezten izango diren taldeetariko asko. Izan ere, estreinaldiak eramango dituzte jaialdian izango diren 19 euskal konpainietariko 12k. Aurten 20 urteko ibilbidea betetzen duen Deabru Beltzak izango da haietariko bat, baina beren azken lanak aurkezten izango dira, besteak beste, Bapatean, Laura Cobo konpainia, Laglo konpainia eta Trapu Zaharra ere. Diziplinen arteko "oreka" ere nabarmendu dute antolatzaileek, gaienra, dantza, zirkua, antzerkia, txotxongiloak eta clown ikuskizunak izango direlako egitarauan.
Baina nazioartekoa ere bada hitzordua Lopezek nabarmendu duenez, eta Katalunia, Espainia, Brasill, Japonia eta Frantziako konpainiek ere hartuko dute parte. Estreinaldiak izango dira, gainera, haien emanaldietariko asko ere, eta Les Goulus talde historikoarena nabarmendu du haien artean zuzendari artistikoak, Leioan eskainiko baitute “Riders From Nowhere” ikuskizunaren lehen emanaldia.
Azoka eta erakusleiho
Umore Azoka jaialdi izateaz gainera azoka ere badela gogoratu du Lopezek, eta hori da estreinaldi kopuru altuaren arrazoietariko bat. Zehaztu duenez, kale arteetan espezializatutako 200 programatzaile, banatzaile eta profesional elkartzen ditu jaialdiak urtero, eta lanik berrienak aurkezteko erakusleiho ere bilakatzen du horrek Leioa. Horregatik nobedadeena. Sektorearen hainbat batzar ere egingo dituzte jaialdiak irauten duen egunetan, eta programatzaile eta artisten arteko topaketak egiteko espazio bat ere gordeko dute: Artekale izenekoa, hain zuzen ere.
Lopezek zehaztu duenez, aurten, bost ikuskizun sortzeko laguntza ere eskaini du Umore Azokak. Kultur Leioan entseguak egiteko egoitzak egiten dabiltza, adibidez, Deabru Beltzak taldekoak, eta Laura Cobo, Vendaval, Nacho Diago eta La Industrial Teatrera taldeak ere lagundu dituzte.
Jaia, igande iluntzera arte
Bestetik, luzatu egingo da jaialdia aurten. Izan ere, igande eguerdian amaitu izan da orain arte beti azoka, baina igande iluntzera arte luzatu dute programa oraingoan. Eguerditik aurrera piknik herrikoia egingo dute Pinosolo parkean, eta kontzertuak, ikuskizunak eta emanaldiak izango dira. Horrez gainera, aurten lehenengoz Leioako taldeek sekzio propio izango dute jaialdian.