Zinema

65 filmek parte hartuko dute Zinebiko Sail Ofizialean

Lehiaketarako aukeratu dituzten lanen artean zazpi euskal zinemagileek egindakoak dira.

Zinebi jaialdia aurkeztu dute Nekane Alonsok, Ernesto del Riok eta Luis Eguiraunek. ARGAZKI PRESS
Berria
2015eko urriaren 28a
14:08
Entzun

Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko 57. Jaialdia (Zinebi) azaroaren 13an hasiko da, omenaldi bikoitz batekin. Alde batetik, Ohorezko Mikeldia emango diote Juan Ruiz Antxia zinema argazkilari bilbotarrari, bere ibilbide luzean nazioartean lortu duen dimentsioa kontuan izanda; eta, bestetik, Ohorezko Mikeldia emango diote Aitor Mazori. Aktore bilbotarra maiatzean hil zen.

Edizio honetako Ohorezko azken Mikeldia Aki Kaurismaki zinemagile finlandiarrak jasoko du, "bere filmografia osoan erakusten jakin izan duen oso estilo pertsonala aintzatetsiz, bere irudietako bakoitzari ematen dion esanahi etiko eta estetiko sakonarengatik eta giza izaeraren bere behaketa sarkorrak erakutsi duen izaera lokal eta unibertsalarengatik". Kaurismäkik azaroaren 20an jasoko du bere saria, zinemaldiaren amaiera ekitaldian.

65 filmek hartuko dute parte sail ofizialean, zinemaldiak dituen hiru generoetako Urrezko eta Zilarrezko Mikeldiak lortzeko xedez: fikzioa (34), dokumentala (14) eta animazioa (17). Lehiaketarako aukeratu diren lanen artean zazpi euskal zinemagileek egindakoak dira, eta jaialdiaren inaugurazio ekitaldian eskainiko dira. Hauek dira: Dena ez dabil ondo (Ander Parody, fikzioa), Artificial (David P. Sañudo,fikzioa), Lost Village, (George Todria, fikzioa), The Devil on Your Back (Haritz Zubillaga, fikzioa), Luz a la deriva (Iñigo Salaberria,dokumentala), I Said I Would Never Talk About Politics (Aitor Oñederra, animazioa) eta Amore d’inverno (Isabel Herguera, animazioa).

Azaroaren 19an jakinaraziko dute Zinebiren palmaresa. Sari hauek izango dira: Bilboko Zinemaldiaren Sari Nagusia, Euskal Zinemaren Sari Nagusia, Espainiar Zinemaren Sari Nagusia, Zinema Latinoamerikarraren Sari Nagusia, eta Urrezko eta Zilarrezko Mikeldiak, fikzio, animazio eta dokumental kategorietan.

Sail Ofizialeko sariak Nazioarteko Epaimahaiak erabakiko ditu. Aurten, epaimahaiko kideak hauek izango dira: Jose Maria Lara zineme ekoizlea, Florence Miailhe animazio zinemagile frantziarra, Maria Jose Santacreu Uruguaiko Zinematekaren zuzendari eta kultur kazetaria, Kepa Sojo zinemagile eta gidoilari arabarra eta Susana de Sousa Dias zinemagile portugaldarra.  

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.