Donostiako 82. Musika Hamabostaldiak 1,8 milioi euroko aurrekontua dauka, 75 kontzertu eskainiko ditu 35 agertokitan abuztuan, Donostian nahiz Gipuzkoako, Arabako, Nafarroako eta Iparraldeko zenbait herritan. Gaur goizean aurkeztu dute egitaraua Kursaaleko Foyer-ean.
Sei orkestrak parte hartuko dute: Luxenburgoko Orkestra Filarmonikoak, Budapesteko Festival Orkestrak, Espainiako Orkestrak, Galiziako Orkestrak, Euskadiko Orkestrak eta EGO Euskal Herriko Gazte Orkestrak.
Abenduaren 1ean eta 2an izango dira lehen emanaldi nagusiak Kursaalen. Luxenburgoko Orkestra zuzenduko du Gustavo Gimenok, eta Yuja Wang pianistak joko ditu Liszten Lehen kontzertua eta Mozarten Hogeigarren kontzertua. Abuztuaren 8an EGOrekin Julian Rachlin biolinistak Mendelssohnen kontzertu bat joko du; abuztuaren 9an, Grogori Sokolov pianistak, Rachmaninoven preludioak eta Chopinen polonesak. Abuztuaren 19an Galiziako Orkestrarekin ariko da Elisabeth Leonskaia, Brahmsen Pianorako bigarren kontzertua eskaintzeko. Abuztuaren 20an, Easo Abesbatzak Brahmsen bi pieza kantatuko ditu. Abuztuaren 21ean, Euskadiko Orkestrak interpretatuko ditu Poulenc, Faure eta Beethovenen obra bana, Victor Pablo Perezen zuzendaritzapean. Abuztuaren 22an Schuberten obrak joko ditu Mitsuko Uchida pianista japoniarrak.
Azken bi egunetan, abuztuaren 26an,Anne-Sophie Mutter biolinistak Mozart, Beethoven eta Francken sonatak interpretatuko ditu; eta abuztuaren 27an, Budapesteko Festival Orkestrarekin Dejan Lazic pianista izango da, Milhaud, Satie, Kodaly eta Ravelen obrak jotzen.
Dantzak leku berezia izango du egitarauan, Victoria Eugenia antzokian: Lucia Lakarra eta Matthew Golding abuztuaren 17an ariko dira, eta Iratxe Ansa eta Igor Bacovich abuztuaren 23an.
Hamabostaldiak opera bat ekoiztu du propio: Hirira. Abuztuaren 10ean, Easo Eskolaniako eta Easo Gazte Abesbatzako haurrek Viktoria Eugenia antzokiko oholtzara eramango dute haurrentzat sortutako opera hau, Gorka Mirandak zuzendurik.
Sarreren salmenta bihar, ekainaren 29an, abiatuko da 11:30etik aurrera; www.musikahamabostaldia.eus webgunean eskuratu ahal izango dira txartelak, baita Kursaal eta Victoria Eugenia antzokietako leihatiletan ere.
Gainera, bost ziklo berezi izango dira: organo zikloa (abuztuaren 1etik 8ra bitartean), antzinako musika zikloa (abuztuaren 3tik 16ra), musika garaikideko zikloa, ganbera musika zikloa eta interprete gazteen zikloa.
Musika Hamabostaldiak bere egoitza nagusia Donostian izanik ere, hamabost kontzertu eramango ditu Gipuzkoa, Araba, Nafarroa eta Iparraldeko zenbait herritara, hala nola Loiolako eta Arantzazuko santutegietara, Hondarribiko Itsas Etxera eta Hernaniko Txillida-Lekura.