Zinema. Estreinaldiak

80ko hamarkadaren hasiera

Julie Delpyren 'Le Skylab'-ek Frantzian gertatu zen aldaketa garaiari erreparatu dio

Familia bilkura batean kokatu du Julie Delpyk Le Skylab. BERRIA.
Gontzal Agote.
2011ko urriaren 5a
00:00
Entzun
Euskal Wikipediara jotzen badugu Skylaben inguruan honakoa esanen digu: «Skylab Estatu Batuen lehenengo egoitza espaziala izan zen, Raymond Loewyk diseinatutakoa. Lurraren orbitan egon zen sei urtez, 1973tik 1979ra bitartean hain zuzen ere. (…) Bost urtez hutsik egon zen —bertaratzeko anezka egokirik ez zegoen eta, gainera, egoitzaren egoera ez zen batere ona—, eta, azkenik, larriki hondatuta lurreratzea erabaki zuten. Australiatik gertu erori zen 1979ko uztailaren 11n».

Gertaera historiko hori baliatu du Julie Delpyk azken filma testuinguru historiko eta sozial jakin batean girotzeko. 70eko hamarkada amaitzen ari da, eta Frantzian —baita mundu osoan ere— aldaketa handiak ari dira gertatzen: 68ko maiatzeko espiritua desagertzen ari da, Miterranden sozialistak agintera ailegatzear daude, Aljeriako gerrako zauriak oraindik ez dira desagertu...

Garai horri eginiko hurbilketa subjektiboa da Delpyk Le Skylab-en proposatzen duena. Horretarako, familia bilkuren moldea erabili du zinemagile frantziarrak. Albertine da protagonista, eta, familiarekin bidaia bat hasi behar duenean, 10 urte zituenean egin zuen beste bidaia bat etorriko zaio gogora. Bretainiara joan ziren urtebetetze bat ospatzera 1979. urte hartan. Gazteenek Skylab espaziontzia noiz eroriko zain zeuden, bien bitartean, helduek jan eta edan egiten zuten, baita politikaz eztabaidatu ere. Albertinerentzat egun garrantzitsuak izan ziren, lehen maitemina ere ezagutu zuelako.

Julie Delpy aktore lanetan egin da ezagun, besteak beste, Jean-Luc Godard, Bertrand Tavernier, Carlos Saura, Krzysztof Kieslowski eta Richard Linklateren aginduetara egin baitu lan, filmografia labur baina zaindu batean. Orain dela lau urte zuzendari lanari ekin zion, eta Le Skylab haren hirugarren film luzea da. Film horrekin igaro berri den Donostiako Zinemaldiko epaimahaiaren saria eskuratu zuen.

'LE SKYLAB'

Zuzendaria: Julie Delpy.

Aktoreak: Lou Alvarez, Julie Delpy, Eric Elmosnino, Aure Atika, Noemie Lvovsky, Bernardette Lafont, Emmanuelle Riva, Vincent Lacoste.

Herrialdea: Frantzia.

Urtea: 2011.

Iraupena: 91 minutu.

Gaur estreinatuko dute Ipar Euskal Herrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.