MUSIKA

A cappella

'Top Cage'

Xabier Erkizia.
2010eko abenduaren 9a
00:00
Entzun
Batzutan, badirudi, Eguberriak hurbiltzerakoan ergelkeriak egiteko, jasotzeko eta irensteko gaitasuna handitzen dugula. Arreta, deitu baino gehiago, tiratzen digute, eta distirek itsutzeko gaitasun neurrigabekoa hartzen dute. Zentzuak bero-bero jartzen dizkigute, saturazioraino. Eta hainbertze estimulurekin zaila da jakitea zehazki non geratzen den marketin hutsaren, estrategia komertzialaren, kasualitatearen eta jenialtasunaren arteko muga.

Liburu aurpegia omen duen sare sozialetik iritsi da halako adibide bat. Erabiltzaile talde batek erronka proposatu dio musikaren industriari, eta, oro har, musikaren salmenta sistemari: Baietz jarri John Cage (1921-1992) konposatzaile iparramerikarraren 4' 33'' konposizio polemikoa eta guztiz isila (konposizio horrek ez die nota bakar bat ere jotzen uzten musikariei) Erresuma Batuko Eguberrietako musika salmenten gailurrean. Izan dadila Cageren isiltasuna Eguberrietan gehien salduko eta ondorioz hipotetikoki gehien entzungo den kantua.

Berria badirudi ere, egitasmoa ez da oraingoa. Ez guztiz. 2008an sare bidez antolatu pertsona talde batek ia lortu zuen Leonard Cohenen Hallelujah klasikoa, Jeff Buckleyren ahotsean, salmenten zerrendaren lehen postura eramatea, bertze diskoetxe handi batek proposatzen zuen kantu beraren bertsio azukretsua eta operacióntriunfotuaren kontra. Ez zuten helburua lortu, baina larri ibili ziren. 2009an esperientzia errepikatu zuten bertze kantu batekin, Rage Against the Machine talde iparramerikarraren 90eko arrakasta izan zen Killing in the Name ereserki rockeroarekin. Eta, oraingoan, bai, lortu zuten urte osoan musika gehien saltzen den momentuan gailurra ukitzea, edo nahiago bada, gailurra okupatzea. Hori baita helburua.

Baliteke SMSaren hurrengo pausoa izatea. Reality show-etatik partaideak botatzeak dakarren boterearen ondorengoa edo Web 2.0ari buruz solastatzen diren jakintsuek profetizatu izan duten erabiltzaileen iraultzaren abisua. Edo izan liteke juxtu kontrakoa ere: erabiltzaileoi botere guztia eskuetan dugula sinetsaraziz gure bizitza bera reality show bihurtzea lortzen ari direnaren froga.

Paradoxa badirudi ere, diskoetxe bera da X-factor telebista saioko Eguberrietako pop supositorio komertzialak, Leonard Cohenen otoitzak eta Rage Against the Machineren kantu erreibindikatiboak argitaratzen dituena. Sony. Denak dira bereak. John Cageren isiltasuna, berriz, ez da Sonyrena. Eta isila izanik ere badakigu edozein kantuk baina zarata handiagoa sor dezakeela entzulearen belarrietan. Segur aski Top Ten oso batek baino gehiago, baina ez Eguberriek bezainbertze.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.