Zinema

Abadia saria, Moriarti Produkzioak etxearentzat

Ikus-entzunezkoen esparruan euskararen alde egindako lanagatik, Gipuzkoako Foru Aldundiaren aitortza jasoko dute 'Loreak' eta beste hainbat filmen egileek.

'Loreak' filmaren fotograma bat. MORIARTI
Ainhoa Sarasola.
2016ko azaroaren 15a
12:21
Entzun

Zinemagintzaren arlora joango da aurten Anton Abadia saria. Moriarti Produkzioak ekoizpen etxeak jasoko du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aitortza, ikus-entzunezkoen esparruan euskarari "ekarpen handia eta jarraitua” egiteagatik, Mikel Irizar Hizkuntza Berdintasuneko zuzendariak azaldu duenez. Loreak filma izan liteke horren adibiderik argiena, Irizarren ustez, baina beste hainbat ere ondu dituztela nabarmendu du —haren aurretik eginiko film laburrak eta oraintxe “labean” duten Aundiya film luzea jarri ditu horren lekuko—. Halaber, euskarazko ikus-entzunezkoei nazioarteko bidea egitean izan duen rola ere aitortu nahi diote ekoizpen etxeari; Loreak Oscar sarietarako hautagaitzarako lehian izan zela ekarri du gogora Irizarrek.

Jon Garañok, Xabier Berzosak, Aitor Arregik, Jose Mari Goenagak, Asier Achak eta Jorge Gil Munarrizek osatzen dute egun Moriarti Produkzioak etxeko lantaldea. Urteotan, euskarazko hamaika film ondu dituzte, besteak beste, 80 egunean eta Zarautzen erosi zuen.

Arantxa Urretabizkaiak, Maite Artolak, Iban Arantzabalek, Jone Miren Hernandezek eta Kike Amonarrizek —iazko Abadia sariaren irabazleak— osatu dute aurten epaimahaia, eta, “hainbat bidetatik iritsitako hautagaitzak” aztertu ondoren, aho batez erabaki dute Moriarti Produkzioak saritzea.

Abenduaren lehenean egingo dute saria emateko ekitaldia, arratsaldez, Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitzan. Izaskun Alvarez artista oiartzuarrak egindako artelana jasoko dute sarituek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.