Artea

Abangoardiako klasikoa

Markus Lupertz artista alemaniarraren 91 artelan biltzen dituen bilduma antologiko zabala antolatu du Bilboko Arte Ederren museoak. Sortzailearen 50 urteko ibilbidea erakusten du hautaketak.

Lupertzen erakusketa. A. L., ARP
Inigo Astiz
2014ko otsailaren 18a
16:11
Entzun

“Bestelako estimuluz betetako garai honetan pinturaren defentsa egitea gustatzen zait. Gustatzen zait pinturaren bandera haizatzea. Pintura ezin da amaitu, eta ezin du mugarik izan, baina ahaztu egin daiteke”. Bere sorkuntza bide nagusiaren defentsa egin du Markus Lupertz artistak Bilbon. Azken 50 urteetan egin duen ibilbidea biltzen duen erakusketa antologikoa zabaldu dute Arte Ederren museoan. Eta defentsa horrekin aurkeztu nahi izan du bere nondik norakoa artistak. Pinturaren aldeko aldarri horrekin, eta bere lanetan igar daitekeen abangoardiaren eta arte klasikoa uztartzeko gogoarekin.

II. Mundu Gerra ostean sortutako Alemaniako artista belaunaldikoa da Lüpertz. Anselm Kiefer, Jörg Immendorff eta Sigmar Polkeren belaunaldi berekoa. Neue Wilden (basati berriak) taldeko kide izan zen, eta figurazioa lantzeko modu pertsonala lortu zuen. Uztartuta doaz bere lanean joera espresionista eta Greziako mitologia edo artearen historiako maisuekiko begirunea. Eta margolanekin batera, artistaren eskulturak ere badira horren froga. Elkarren ondoan doaz, giza irudi desitxuratuak ageri dituzten koadroak eta Grezia klasikoaren oihartzuna ageri duten brontzezko piezak.

Kosme de Baraño aritu da komisario lanetan. Izan ere, gertukoa du sortzailea. Aurrez beste hiru erakusketa antolatu dizkio. Madrilgo Reina Sofia museoan bata (1991), Valentziako IVAM zentroan bestea (2002), eta Iruñeko Baluarte jauregian hirugarrena (2007). Eta laugarrena du orain Bilbokoa. Erakusketa antologikoa, azaldu duenez. 60ko hamarkadakoak dira bertan biltzen diren lanik zaharrenak, eta 2013ko abenduan sortutakoak berrienak. Pozik agertu da artista lagunak egindako hautaketa eta aurkezpenarekin. Lüpertz: “Harrituta, erakusketak neure lana neuri erakusten asmatu duelako”.

Espiritu orokorra

Kronologikoa da erakusketaren ildo nagusia, baina ez da erabat kronologikoa ere. Salto batzuk onartu dizkio bere buruari De Baraño komisarioak. “Artistaren ibilbide osoan lantzen diren motiboak ulertzen laguntzen du horrek. Lan guztien atzean espiritu bera dagoela erakusten dute. Erakusten dute zein den artistaren pentsamenduaren forma, sinbologia, estilo eta arketipoa. 21 urte zituenetik oso lan pertsonal eta koherentea egin baitu”. Bost ataletan antolatu du bilduma. 1963tik 1973rako tartean Lüpertzek pop amerikarrari emandako erantzunarekin hasi, eta 2003tik 2013ra arteko tarteetan egindako eskultura eta margolanekin amaitu.

Maiatzaren 19ra arte izango da zabalik erakusketa. Katalogoa ere egin dute bertako lanekin, eta De Barañoren testuekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.