kulTURA

Abenduaren 13an izango da Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako finala, BECen atzera

Urriaren 3an hasiko da, Zestoan, eta denera 44 bertsolari ariko da; haien artean, Andoni Egaña txapelduna.

2009ko irailaren 16a
17:58
Entzun
Dagoeneko lau urte pasatu dira azkeneko aldiz jokatu zutenetik Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa, eta aurten izango da atzera. Hain zuzen, urriaren 3an hasiko da Zestoan (Gipuzkoa), eta finala abenduaren 13an jokatuko dute, BECen berriz ere (Barakaldo, Bizkaia). Duela lau urteko finalean hamalau mila lagun bildu ziren BECen -orduan izan zen lehen aldiz han-.

44 bertsolari ariko dira (18 eta 48 urte artekoak); haien artean, Andoni Egaña azken lau txapelketetako irabazlea. 2005ean finalera iritsi ziren beste zazpi kideak finalaurrekoetara sailkatuta daude: Unai Iturriaga (txapeldunordea duela lau urte), Amets Arzallus, Maialen Lujanbio, Igor Elortza, Sustrai Colina, Aitor Mendiluze eta Jon Maia.

Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak gaur emandako datuen arabera, 44 bertsolari horietatik 21 Gipuzkoakoak dira, hamabi Bizkaikoak, bost Iparraldekoak, lau Nafarroakoak eta bi Arabakoak. Epaile lanetan hamar lagunek jardungo dute eta gai-jartzaile beste hamarrek.

Hain justu, Iñaki Gurrutxaga, Jone Uria, Miren Artetxe, Oihana Bartra, Uxue Alberdi eta Odei Barroso bertsolariek hartuko dute parte Zestoako saioan (Gurutzeaga pilotalekua, 17:30).

Xabino San Sebastian izango da txapelketaren arduraduna. Iñaki Murua Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko lehendakariak eta biek egin dute gaur aurkezpena, Bilbon, babesleekin batera. "Ea euskaraz oso-osorik burutzen den ekitaldi honekin disfrutatzeko moduan izaten garen eta euskaraz bizitzeko motibo bat gehiago izaten dugun geuk, aldi berean, besteei ikusaraziz euskaraz bizitzearen onurak", esan du Muruak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.