'badok' ataria

Abenduaren 6an aurkeztuko du 'Badok'-ek aplikazioa, Durangon

Aplikazioa merkatuko bi sistema operatibo nagusietan kaleratuko da: Android eta iOS sistema operatiboetan.

2014ko abenduaren 3a
18:09
Entzun

Euskal musika aldean eraman ahal izateko, Badok Berriaren Euskal Musikaren Atariak smartphonetarako aplikazioa kaleratuko du aurki. Aplikazioaren aurkezpena abenduaren 6an izango da, Durangoko Azokako areto nagusian, 19:30etatik aurrera. Ekitaldian, Martxelo Otamendi Berriako zuzendariak, Jon Eskisabel Badok-eko arduradunak eta Pello Urzelai Berriako IKT arduradunak hartuko dute parte.

Joan den maiatzaren 29an berritu ondoren, Badok ataria euskal musika hobeto ezagutu, hedatu eta entzuteko tresna bilakatu da. Aplikazioaren bidez, zeregin hori hobeto egokitu nahi du eskuko gailuetara. Batez ere, telefono adimentsuetan esperientzia atsegina eskaini nahi du, musikariak deskubritu eta haien musika entzuteko orduan.

Aplikazioa merkatuko bi sistema operatibo nagusietan kaleratuko da: Android eta iOS sistema operatiboetan, eta, beraz, Google Play eta Apple Store dendetan eskuragai izango da, dohainik. Alde teknikotik, Ideable enpresak garatu du Badok-en aplikazioa.

Badok-en atal nagusiak (Azkenak, Aldizkaria, Musikariak, Zerrendak, Zuzenean…) erabiltzeko aukera ematen du aplikazioak, baina esan daiteke abestiak direla erdigunea. Abesti bakoitzak ematen du bidea egilearen biografia, diskografia, bideo edo hitzetara iristeko, musikaz gozatzearekin batera.

Ahotsenea Badok-en bidez

Aplikazioaren aurkezpenaz gain, Badok atariak bestelako presentzia izango du Durangoko Azokan. Izan ere, Ahotsenea eremuko kontzertuen jarraipena egingo du. Zuzeneko musika emanaldien bozgoragailu bihurtuko da Badok Ahotsenearekin elkarlanean. Batetik, streaming bidez eskainiko ditu kontzertu guztiak, EiTB-ek eskainitako seinalearen bidez. Bestetik, Badok-en Twitter kontuaren bidez Ahotseneko giroaren oihartzuna zabalduko du.

Azkenik, Instagram-en bidez musikazaleen parte-hartzea sustatuko du. Badok-ek Ahotseneko kontzertuetako argazkiekin estreinatuko du Instagram-eko kontua, eta, horren gain, #ahotsenea traola erabilita musikarekin lotutako argazkiak partekatzera gonbidatuko ditu Durangoko Azokara hurbiltzen diren musikazaleak.

Izan ere, #ahotsenea traolarekin banatutako argazkiak Badok-en Zuzenean atalean ageriko dira, Ahotseneari eskainitako gune berezian. Era horretan, aurtengo edizioaren lekukotasun grafikoa osatuko da, zaleek Instagram bidez eginiko argazkiekin, eta Badok-ek berak igotakoekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.