Behin, autoan zihoala, Jaume Sisaren 1975eko El Fill del Mestre kantua entzun zuen Jordi Gasionek (Alpicat, Lleida, Herrialde Katalanak, 1978) kasete zahar batean. «Orduan erabaki nuen nire musika proiektuari izen hori jartzea». 2006an egin zuen debuta 78 lanarekin, eta beste bi disko kaleratu ditu, eta horietan bizitzaren gai unibertsalez mintzatu da : Aquella estranya mania de creure en la vida (2007) eta Ha calat foc a la casa (2010). Gasion gisa ere Les Cançons Urgents plazaratu zuen duela hiru urte. Orain El Fill del Mestreren laugarrena, Cançons per a després de un diluvi, ari da ontzen, ekainean argitaratzeko asmoarekin. Egunotan Andoaingo Garate estudioan ibili da abestiak grabatzen, eta Txabi Abrego (gitarra eta mandolina), Mikel Abrego (bateria), Joserra Senperena (pianoa eta hammonda) eta Dick Them (baxua) izan ditu alboan. Asteburuan hiru kontzertu emango ditu, bikote moldean, Txabi Abregorekin batera.
Zutaz esaten dute, bai Kataluniako nova cançó-tik eta baita AEBetako folk kantugile klasikoen sormen iturritik edaten duzula. Ados al zaude?
Tira... Estilo gehiago aipa daitezke. 78 diskoa kaleratu nuenean, aipatu zen, bai, zuk esan duzuna. Horretan nabari zen AEBetako kantugileen eragina: Neil Young, Leonard Cohen —tira, kanadarrak dira—, Bob Dylan... Eta gero, gertuko erreferentzia-edo, nova cançó-rena zen. Dena den, nova cançó-a zabala da, eta hobe litzateke aipatzea, ba, Jaume Sisa, Ovidi Montllor... Ez naiz deseroso sentitzen definizio horrekin.
Beste estilo batzuk ere aipatuko zenituzkeela adierazi duzu.
Bai, noski. Ni, egiazki, rocketik nator. Nerabeak ginenean rock talde bat genuen, eta guretzat erreferentziak ziren The BlackCrowes, Led Zeppelin, Wilco, Ryan Adams... Konposatzerakoan baino gehiago, diskoa produzitzerakoan ditut gogoan. Disko berriaren gauzarik onena da egiten ari garela abesti bat, adibidez, Neil Young eta Crazy Horseren doinuen antza duena —esateko modu bat da—, eta beste bat gehiago gerturatzen gaituena Erresuma Batuko soulera. Gustatzen zait nola jauzi egiten ari garen estilo batetik bestera.
Aurreko diskoko, Ha Calat foc a la casa-ko (2010), abestiak intimistak dira, atseginak, eta oso-oso organikoak. Itxuraz abesti txikiak dira, baina arrastoa uzten dutenak.
[Barre lotsatia]. Hori da intentzioa abesti bat egiten duzunean. Disko hura asko bizi izan genuen, eta iruditzen zait nabaritzen dela entzuten duzunean.
L'home trist abestia, esaterako.
Zuzenean puntu oso basatia du kantuak. Bukatzen denean, jendea erotu bezala egiten da. Bai, jarraitzen gaituen publikoak abestiak egiteko modu hori baloratzen duela uste dut; hitzetan edo transmititzen dituzun sentipenetan apur bat harago joan nahi hori.
Cohen aipatu duzu erreferentzia gisa, eta hark esaten du kantu onak non dauden jakinez gero, hara joango zela haien bila. Zuk zein bide hautatzen duzu horiekin topo egiteko?
Ez dakit... [barreak]. Gitarra hartzen dut, eta ohikoena izaten da abestiei buelta asko ematea. Abesti bat egiteko, aurretik, agian, beste hamar atera behar dira. Pentsatzen dut ona dela autokritika pixkat egitea, kantu bat izan daitekeena aukeratzeko orduan. Ez da gauza bera kantu bat, niretzat oso gauza serioa dena, edo lau akorde, melodia bat eta hitz batzuekin ateratzen dena.
Deskarte asko egin behar izaten dituzu, hortaz?
Konposatzerakoan, kantuak egiteko garaian, badaukat erraztasuna, baina abestira bere osotasunean heltzea zaila dela iruditzen zait.
Oso zorrotza zarelako zeure buruarekin, beharbada?
Bai, banaiz zorrotza, baina ezta gehiegi ere. Bidea ez da bihurgunetsua, baina esan nahi dut ezin duzula abestiak egiten aritu astero. Prozesu bat... Badaukat teoria bat: gitarra eta ahotsarekin funtzionatzen badu, abestiak beti funtzionatuko du.
Cançons per a després de un diluvi diskoa grabatzen ari zara orain. Aurrekoaren jarraipena izango al da?
Ez. Aurreko lana, izenburuak dion bezala, ez dakit autosuntsitzailea zen, baina bazen... Burura zetorkidan guztia bota nuen. Hitz dezente itsusiak ziren. Follar... Beti kontuz ibili naiz, saiatu naiz ukitu poetikoa ematen, baina askatu egin nintzen horretan. Oraingoa, aldiz, musikalagoa da. Abestiak nik konposatu ditudan arren, ez da neure-neurea, taldearena baizik. Esperientzia kontuan hartuta, gustatuko litzaidake bide beretik jarraitzea.
Hitzei dagokienez, aurrekoa ilunagoa zela diozu. Hau argitsuagoa da, beraz. Izenburuak berak dio: Erauntsiaren ondorenerako abestiak.
Bai, askoz ere argitsuagoa. Abesti pop bat dut, eta grabatzen ari ginenean ari ziren esaten leihoak irekitzea bezala zela. Sekula ez dut egin halako kanturik. Badira abesti gogorxeagoak... Agian, ukitu akustikoa alboratu dut apur bat. Talde osoak parte hartzen du, elektrikoagoa da.
Nolatan grabatzen duzu Mikel Abrego eta Joserra Senperenarekin?
Txabik [Abrego] grabaketa estudioa dauka Almacellasen (Lleida, Katalunia). Han grabatu nuen lehen diskoa, eta ondo elkar hartu genuen. Hortik aurrera, beti alboan izan dut gitarrista moduan. Bigarren diskoa grabatu genuen beste musikari batzuekin, baina ez ginen emaitzarekin pozik geratu. Hirugarrenerako, Txabik esan zidan anaiak bateria jotzen zuela, estudio bat zeukala... Joserra [Senperena] ere ezagutzen zuen, gainera. Eta horrela! Aurreko diskoan ez genuen denok batera grabatu. Pertsona egokiak dira mota honetako musika egiteko.
Zein alde dago El Fill del Mestre eta Jordi Gasionen diskoen artean?
Badaude aldeak, bai. Jordi Gasion gehiago da ni neu naizena: gitarrarekin, konponketa batzuk eginda, hurbilagoa...El Fill del Mestre eztandagarriagoa da. Konparatze aldera, Gasion da etxean egoteko, intimoagoa, eta bestea, aldiz, ganberroagoa-edo.
KONTZERTUAK
Gaur: Urretxuko Motz tabernan (22:00).
Bihar. Tolosako Bonberenean (22:30).
Etzi: Donostiako Le Bukowskin (20:00).
El Fill del Mestre. Kantugilea
«Abesti bat egiteko, aurretik, agian, beste hamar atera behar dira»
Kataluniarrak Garate estudioan eman du astebete, hurrengo diskoa izango dena ontzen. 'Nova cançó'-tik eta AEBetako folk tradiziotik edaten du, baina beste estilo batzuei muzin egin gabe.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu