«Abestiak egiteak ahalegin bat eskatzen du; inspirazioa etorri eta joan egiten da»

Josh Rouse kantariak The Long Vacationsekin grabatutako diskoa aurkeztuko du gaur Donostian

Josh Rouse (erdian) bi taldekideekin ariko da gaur Donostian. IVAN NAVARRO.
mikel lizarralde
Donostia
2012ko otsailaren 17a
00:00
Entzun
Nebraskan jaio zen, AEBetan, baina zazpi urte daramatza Herrialde Katalanetan bizitzen, Valentzian. Eta nabari zaio Josh Rouseri (1972). Mediterraneoa argitasuna bada, eguzkia eta sentimendu positiboak, estatubatuarraren musikak Mediterraneoari lotua ematen du. Distiratsua da, goxoa, ilunpe handirik gabekoa, AEBetako musika sustraidunaren oihartzuna gordetzen duen arren. «Lehenengo diskoetan nabaria da AEBetako kantautoreen eragina, baina garbi daukat aire mediterranear hori nabari-tu behar dela azkeneko diskoetan». Rousek Donostian aurkeztuko du gaur azkeneko diskoa, Josh Rouse & The Long Vacations, Intxaurrondoko kultur etxean.

Rousek 90eko hamarkadaren erdialdetik darama kantuak egiten, baina nolabaiteko ospea 1972 2003an grabatutako diskoak eta Nashville bi urte geroagokoak eman zioten. Oraindik ere haren diskorik laudatuenak dira, haren kanturik biribilenak biltzen dituztenak. Dena dela, bere lanak ibilbide baten barruan kokatzen ditu Rousek: «Disko bakoitzak une jakin bat ordezkatzen du, eta, era berean, kate bereko begiak dira». Horregatik, duela bi urte gaztelaniaz disko bat grabatzera ausartu zen: El Turista. Horretarako «gogoz» zegoen Rouse, baina orain ez luke egingo: «Agian, etorkizunean».

Musikaren langiletzat dauka bere burua. «Abesti asko idazten ditut... baina hori da nire lana». Horietako asko disko ofizialetatik kanpo gelditu dira, baina Bedroom Classics Rousek berak kudeatzen duen zigiluak kaleratu ditu, bilduma digitalen bitartez. Musikari estatubatuarraren kantuak melodia aldetik soilak dira, oso erraz entzuten direnak. Ahalegin handirik gabe eginak dirudite lehen entzunaldian. Rousek, ordea, ukatu egiten du hori: «Abestiak egiteak ahalegina eskatzen du. Batzuetan kantu batzuk erraz ateratzen dira, baina beste batzuetan zailagoa da lana. Inspirazioa etorri eta joan egiten da».

Gaur egun Valentzian bizi denez, hango musikariekin grabatu du azkeneko diskoa, Cayo Bellveser (baxua, pianoa) eta Xema Fuertesekin (gitarra, banjoa, bateria...). Eta haiekin ariko da zuzenean Donostian. Joan den urtean ere jo zuen Gipuzkoako hiriburuan, orduko hartan Damien Juradorekin: «Oroitzen naiz kontzertu hartaz! Oraingoan Xemak, gitarraz gain, bateria ere joko du. Azken diskoa ia osorik joko dugu eta aurreko lanetako kantuak ere bai, batik bat Nashville-koak».

Aurretik Napoka Iria taldea igoko da oholtzara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.