Aise ezagutzeko moduko estilo pertsonal baten jabe, XX. mendeko arte abstraktuaren historiako erreferente handienetako bat izatera iritsi zen Antoni Tapies katalan marrazkilari, margolari eta eskultorea. Osasun arazoek makalduta zeukaten azkenaldian, deitzen zioten ekitaldi publikoetara agertu ezinda, eta atzo hil zen, 88 urte zituela, jaio zen hiri berean, Bartzelonan.
Familia burges katalanista baten baitan jaio zen Antoni Tapies Puig, 1923ko abenduaren 13an. Familian zabaldurik zen liburuetako zaletasuna bereganatu zuen, baina gero eta indar handiago hartu zuen harengan marrazkietarako eta margolanetarako joerak. 25 urterekin, 1948an, Dau el sert abangoardiako aldizkarian parte hartzen hasi zen, Joan Brossa, Joan Ponç, Modest Cuixart, Joan Josep Tharrats, Arnau Puig, Juan Eduardo Cirlot eta beste hainbat artistarekin batera. Beka baten laguntzaz Parisa joan zen ikastera, eta han egin zuen bakarkako aurreneko erakusketa, 1956an. Urte berean, Tharratsekin batera erakutsi zituen bere lanak Stockholmen, eta Salvador Dalik egin zuen aurkezpen lana.
New Yorkeko Guggenheim museoko Before Picasso, After Miróerakusketa kolektiboan parte hartu zuen urte batzuk geroago, 1960an. Abstrakzioa landu ohi zuten garaiko artisten artean ezagunenetakoa izatera iritsia zen ordurako. Joan Miro, Paul Klee eta Max Ernst eta beste hainbat artistaren eraginak aitortuagatik, surrealismoa alde batera utzi eta beste bide batzuk probatzea erabaki zuen. Margolaritzako ohiko teknikei marrazkiak, litografiak eta collage-ak erantsi ohi zizkien; porlanez, brontzez edo zeramikaz egindako eskulturei, berriz, egunero erabili ohi diren objektuak. Asbtrakzioaren joera zabalaren barruan, estilo pertsonal baten jabe egin zen.
Inguruko gertakari politiko eta sozialei erreparatzen dien artista izan da beti Tapies, eta 60 eta 70eko hamarkadetako haren artelan askotan islatzen da, aldez edo moldez, Francoren diktaduraren aurkako salaketa eta protestako jarrera.
70eko hamarkadan neurri handiko margolanak egiteko joera erakutsi zuen, arrakasta handiz kasurik gehienetan. Munduko museo nagusietara sarbidea irabazia zuen, eta maiz erakusten zituen bere lanak New Yorkeko MOMA eta Guggenheim museoetan. 80ko hamarkadan beste material eta forma batzuekin egin zuen lan, hala margolari nola eskultore gisa, obra grafikoari ere espazio eta garrantzi handia emanez bere zereginean.
Lehendik ere Ekialdeko kulturen inguruan agertua zuen interesa handitu egin zitzaion Tapiesi 80ko hamarkadan, eta horrek haren obran ere izan zuen islarik ezinbestean. 2002an Eduardo Txillida donostiar eskultorearekin batera erakutsi zituen bere lanak Erromako Espainiako Akademian eta Berlingo Guggenheim museoan. Lau urte geroago bere lanen erakusketa handia egin zuen Brasilen.
Minaren inguruko lana
Azken urteetan min fisikoa eta min espirituala izan dira Antoni Tapiesen obraren ardatz nagusi. Budismoaren eraginez, minaren ezagutzak mina eramangarriago egiten laguntzen duelakoan zegoen artista, eta artea ezagutza horretarako bidetzat zeukan.
Artistaren izen bereko fundazioa arduratzen da gaur egun, 1990ean sortu zutenetik, Antoni Tapiesen obraz. 2.300 margolan eta eskulturak eta 3.100 marrazki, grabatu eta litografiak osatzen dute artistak utzitako ondare nagusia.
Abstrakzio pertsonal baten jabe
Antoni Tapies katalan artista hil da, XX. mendeko arte abstraktuaren erreferenteetako bat
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu