George Remi ez da izen ezaguna, baina horren atzean Herge ezizeneko komikigilea gaineratuz gero, kontua bestelakoa da. 1929. urtean 21 urteko ilustratzaile belgikar batek komiki pertsonaia berria sortu zuen: Tintin. Orduz geroztik, milaka irakurle bereganatu dituzte kazetari ausartak eta haren lagun ahaztezinek; Milu txakurtxoak, Haddock kapitainak, Dupond eta Dupont-ek eta Tornasol irakasleak.
Osotara, Titinen 24 liburu argitaratu zituen Hergek. Azkena, Tintin et l'Alph-Art, bukatu gabe utzi zuen 1983. urtean, hil zenean; Yves Rodier marrazkilariak bukatu zuen. 60 hizkuntza baino gehiagotara itzuli dituzte komikiak, eta mundu osoan 200 milioitik gora ale saldu, eta komikigintza europarrak eman duen pertsonaiarik ezagunena da Tintin.
Hala ere, Hergek sortu zuen kazetari ospetsuaren inguruan ez da polemikarik falta izan. Joera atzerakoia zuen egileak. Nazien okupazioa begi onez ikusi zuen Belgikan, eta pentsaera hori islatzen da Tintinen abenturetan. Arrazista, kolonialista eta misoginoa izatea leporatu zaie Hergeri eta Tintini. Horrez gain, pertsonaiaren (a)sexualitateak ere zeresan ugari eragin du.
Steven Spielberg da Tintinen milaka jarraitzaileetariko bat. 1983. urtean Hergerekin harremanetan jarri, eta Tintin pertsonaia zinemara eramatea proposatu zion. Komikigileak onartu egin zuen, baina urte berean hil zen,eta ezin izan zuen proiektuan parte hartu. Hergeren nahiak segituz, Fanny Rodwell haren alargunak Spielbergi Tintin zinemaratzeko eskubideak saldu zizkion. Urte luzez egon da geldirik proiektua. Batetik, Spielbergek hamaika film egin dituelako. Bestetik, ez zuelako gustuko teknologia aurkitzen Hergeren ondarea behar bezala pantailaratzeko.
Ezohiko elkarlana
Tintinen beste jarraitzaile sutsu bati proposatu zion Spielbergek proiekturan parte hartzea orain urte batzuk: Peter Jacksoni. Ikusmina sortu zuen horrek. Hollywoodeko erregeetako bat da Spielberg, eta, The Lord of the Rings trilogiaren ostean, zuzendari boteretsuenetako bat, Jackson.
Funtzio banaketa argia egin zuten, Jacksonek ekoitziko zuen lehen filma, eta Spielbergek zuzendu. Bigarrena, berriz, Jacksonen zuzendaritzapean eginen da. Ikusteko dago Tintinen abenturak horretan geldituko diren ala pelikula gehiago etorriko diren. Askotan bezala, arrakasta komertzialak izanen du erantzuna.
The Adventures of Tintin: The Secret of the Unicorn ez dute Hergeren komiki bakar batean oinarritu, hirutan baizik: pelikulari izenburu ematen dion Le secret de la Licorne bera, haren jarraipena den Le tresor de Racham le rouge eta Le Crabe aux Pinzes d'Or —hehenengoz agertu zen Haddock kapitaina horretan—.
Hiru dimentsiotan filmatu dute pelikula, eta mugimenduak harrapatzeko teknika erabili du Spielbergek. Zuzendariaren lagun zahar bat da orain arte teknika hori gehien erabili duena: Robert Zemeckis. Polar Express, Beowulf eta Disney´s A Christmas Carol filmetan, adibidez. Aktoreen mugimenduak jasotzen dituzte teknika horrekin ordenagailuek, eta animazio irudia bihurtu.
Pertsonaia animatuen atzean agertzen direnean artean Daniel Craig, Andy Serkis eta Nick Frost daude. Tintinena egiteko, berriz, Spielbergek Jamie Bellengana jo zuen, izugarri gustatu omen zitzaiolako aktorea Billy Elliot (Stephen Daldry, 2000) filmean.
'THE ADVENTURES OF TINTIN: THE SECRET OF THE UNICORN'
Zuzendaria: Steven Spielberg.
Aktoreak: Jamie Bell, Andy Serkis, Daniel Craig, Simon Pegg, Nick Frost, Toby Jones, Tony Curran, Mackenzie Crook.
Herrialdea: AEB. Urtea: 2011.
Iraupena: 107 minutu.
Gaur estreinatuko dute Ipar Euskal Herrian, eta ostiralean Hego Euskal Herrian.
Zinema. Estreinaldiak
Adinik gabeko kazetaria
Tintinen abenturetan oinarritzen den animazio filma egin dute Steven Spielbergek eta Peter Jacksonek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu