Adiskideen solasaldiak artea sortzeko iturri

Eduardo Hurtadoren 'The Back School' erakusketa ikusi ahal da ostirala arte Bilboko Windsor galerian

Eduardo Hurtado, Windsor galerian. LUIS JAUREGIALTZO/ ARGAZKI PRESS.
Bilbo
2011ko abenduaren 15a
00:00
Entzun
Eduardo Hurtado Espainiako artistak bi hilabetean egindako lanaren emaitza jarri du ikusgai: The Back School izeneko erakusketa. Bilboko Windsor galerian egongo da, eta ostirala arte iraungo du. Egilearen iritziz, proiektu hori ez da «arte lana, bukatu gabe dagoen adierazpen bat baino», eta adiskide batek «basamortuan egindako oihu batekin» alderatzen du. Adierazpen horren parte dira, besteak beste, Hurtadok berak egindako bideoa eta Bilboko azoka batean erositako 70eko hamarraldikodiapositibak.

Sortzaileak adierazi du bi hilabete hauetako lantokia Windsor galeria izan duela: «Zenbaitetan lantokia etxean bertan kokatzen dugu. Baina The Back School proiektua sortutako tokian bertan dago ikusgai; Windsor galerian, hain zuzen ere».

Proiektuak iraun duen artean egileak adiskide eta unibertsitate garaiko ezagunak gonbidatzen zituen lantokira. Kafea edo garagardoa hartzen zuteneko solasaldiak izan ditu hainbat lanen iturburu. Adibidez, Zuhar Iruretagoienak hainbat irudi ekarri zizkion bisitan etorri zen egun batean, eta horiekin collage bat osatu du. Berlinen (Alemania) erositako argazki batzuekin zer egin ez zekienez, Iban Gomez eta Pablo Marte adiskideekin bildu zen. «Lagunek argazki muntaketa bat egin nezakeela esan zidaten. Muntaketaren ondoan Gomezek eta Martek Olinpiar Jokoei buruzko testu bat txertatu zuten», dio Hurtadok.

Bukaeratik gertuen dagoen adierazpena Hurtadok grabatu duen bideoa da. «YouTuben nenbilela, keinu baten irudi grafikoa sortzeko ideia bururatu zitzaidan». Hortik abiatuta, dantza ikasten dabilen mutil batekin harremanetan jarri eta probasaioak grabatu zituen. Asmoa osatzen zuen bitartean egunero gertatzen zitzaizkion kontuak bere webgunean jarri ditu. Orain proiektua bukatuta dagoenez, sortutakoaren inguruan hausnarketa egiteko garaia dela uste du artistak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.