AEBetako zinema beltzari zikloa eskainiko dio aurtengo Zinemaldiak

Txinan azken urteetan egiten ari den zinemagintzarik ausartena ezagutzeko aukera eskainiko du 'Itzal digitalak' atalakAtzera begirakoa izango du Jacques Remyk, 'Les parapluies de Cherbourg'-en egileak

Peng Taoren Little Moth filmeko irudia. DONOSTIAKO ZINEMALDIA.
Juan Luis Zabala
Donostia
2011ko martxoaren 19a
00:00
Entzun
Lehengo ohitura berreskuratuz, hiru ziklo eskainiko ditu aurten, 59. ekitaldian, Donostiako Zinemaldiak, bi eskaini beharrean. Krisiak eragindako murrizketa amaituko da, beraz. Aurtengo hiru atzera begirakoak honako hauek izango dira: Jacques Demy, American Way of Death: 1990-2010eko Amerikako zinema beltza eta Itzal digitalak: azken belaunaldiko zinema txinatarra. Zinemaldiak ez ditu, hala ere, krisi ekonomikoaren aurreko garaian bezala, hamar egun izango, bederatzi baizik, azken urteetan izan duen egun kopuru bera. Irailaren 16an hasi eta 24an amaituko da. Aurtengo kartelak eta diseinu lanak hautatzeko, lehiaketa bat antolatuko dutela iragarri dute antolatzaileek.

1. 'Jacques Demy'

Zinema musikalaren berritzaileetako bat izan zen Jacques Demy frantses zuzendaria (Pontchateau, 1931-Paris, 1990), Les parapluies de Cherbourg (1964) filmaren egilea. Catherine Deneuve aktore nagusi zela, abestu egiten zuten pertsonaiek elkarrekin hitz egin beharrean. Musikalaren generoaren berrikuspen berritzailea izan zen. Filmak Urrezko Palma jaso zuen Cannesko zinema jaialdian, eta ingelesez besteko film onenaren Oscar sarietarako hautagai izendatu zuten.

Les parapluies de Cherbourg-ek Les demoiselles de Rochefort-en (1967) izan zuen segida. Lan horretan Gene Kelly aritu zen, Catherine Deneueve eta Françoise Dorleac-ekin batera.

Hastapenetan nouvelle vague mugimenduko zuzendari gazteei lotu bazitzaien ere, Demyren lana sailkaezina zen, bide propio eta erabat berezia egin baitzuen. Unean uneko joerei bizkar emanda egin zuen lan, eta «zinema abestua» deitu zioten landu zuen estiloari.

Les parapluies de Cherbourg-ek Les demoiselles de Rochefort-en arrakastaren ondorengo filmetan ere, ikuspegi narratibo berritzaileak jorratzen jarraitu zuen.

Espainiako Zinematekaren eta Egeda eta Ibaia elkarteen laguntzaz antolatu du ziklo hau Zinemaldiak. Quim Casasek koordinatuko du, eta Jacques Demyri buruzko liburua argitaratuko dute antolatzaileek.

2. 'American Way of Death: 1990-2010eko Amerikako zinema beltza'

Azken hogei urteotako zinema beltzari eskainitako zikloan, honako zuzendari hauen lanak emango dituzte: Quentin Tarantino, Michael Mann, Abel Ferrara, Coen anaiak, Clint Eastwood, Spike Lee, David Lynch, Martin Scorsese eta David Fincher. Roberto Cuetok eta Antonio Santamariak koordinatuko dute zikloa, eta zikloaren gaiari buruzko liburuaargitaratuko du Zinemaldiak.

Guztira, 40 film eskainiko dira. Generoko film klasikoen artean, honako hauek daude: Reservoir Dogs (1992), Wild at Heart (1990), Miller's Crossing (1990; Donostia Zinemaldian Zuzendari Onenaren Zilarrezko Maskorra), Seven (1995), Fargo (1996), Collateral (2004) edo Zodiac (2007).

Baina ekoizpen independenteak berreskuratzeko eta kultuzko azken filmak ikusteko aukera ere izango da: John Dahlen Red Rock West (1993), Scott McGehee eta David Siegelen Suture (1993), Hughes anaienMenace II Society (1993), James Grayren Little Odessa (1994) eta Paul Thomas Andersonen Hard Eight (1996), esate baterako.

3. 'Itzal digitalak:azken belaunaldiko zinema txinatarra'

Txinako zinemari eskainitako zikloan, hemezortzi film emango dituzte, 2000 eta 2010 artean euskarri digitalean eginak guztiak. Honako hauek, besteak beste: Zhu WenenSeafood (2001), Andrew Chengen Welcome to Destination Shanghai (2003), Liu Jiayinen Oxhide (2004), Peng Taoren Little Moth (2007), Emily Tangen Perfect Life (2008) eta Zhao Yeren Jalainur (2009).

Azken urteotan, Txinako zinema independentea oso azkar garatu da, euskarri digitalaren erabilerari esker, hots, fotogrametatik byteetara egin den jauziari esker. Zuzendariak ausartagoak dira, genero dokumentala eta fikzioa bateratzen dituzten formatuak bilatzen dituzte, eta, berek hartutako irudiak bestek aurretik hartutakoekin nahastuta, testuinguru berrietan kokatzen saiatzen dira.

Txinako errealitateaz ikuspuntu berriak ezagutzen lagunduko diete Txinako film berriek zikloak bilduko dituen ikusleei, begirada eta erregistro anitzez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.