AEBetako Senatuak pirateriaren aurka onartu nahi duen legearen kontra protesta egiteko itzalaldia abiatu dute AEBetan 10.000 webgune baino gehiagok. Tartean, hainbat webgune handi daude, besteak beste, Wikipedia, ingelerazko bertsioan. 24 orduko protestaldia izango da, gauerditik gauerdira.
Datorren astean bozkatuko dute AEBetako Senatuan legea, horren aldekoek defendatu dutenez, kontsumitzaileak, negozioak eta lanpostuak defendatzeko, "jabego intelektuala lapurtzen duten atzerriko lapurren aurrean". Barack Obama, berriz, aurka agertu da, legezkoak diren zenbait enpresa kaltetu ditzakeelakoan.
Legeak on-line pirateria nahi du borrokatu, baina Interneten erantzun handia jaso du: "Imagina ezazu dohako ezagutzarik gabeko mundua... une honetan AEBetako Kongresua Internet dohakoa eta irekia larri kaltetu dezakeen lege bat onartzea aztertzen ari da", dio Wikipediaren gaurko mezuak. Sopastrike.com webguneak antolatu du protesta.