Arabiartasuna, ama hizkuntza, kultura nagusia, jatorria, sustraiak... Hela Fattoumik, tunisiar jatorriko koreografo eta dantzari frantziarrak premia sakona sentitu zuen bere nortasunean sakontzeko. Are, Frantzian zapiaren inguruko «eztabaida latza» piztu zenean, «berripaper eta telebistetan, batez ere». Metroan, kalean, toki guztietan hasi zen zapiak ikusten. Inoiz baino gehiago. Arabiar nortasuna berresteko eta erakusteko baliatu zuten arabiar jatorriko neskato eta emakumeek zapia. «Joera fundamentalista eta integristen loratzea eragin zuen eztabaidak». Beharbada, ez zelako ondo planteatu. Fattoumik ez daki. Manta pieza sortzeari ekin zion, azken hogei urteetan bikote artistiko izan duen Eric Lamoureuxekin batera. «Gorputz osoa estaltzen duen zapia jantzita zer sentitzen den jakin behar nuen». Parisko denda batean erosi zuen. Eta etxean jantzi. «Hasieran, dotore eta guzti sentitu nintzen». Zapiak goi eta behe estaltzen du emakumea. Aurpegiaren zati txiki bat, eskuak eta oinak baino ez ditu uzten agerian. «Gero hasi nintzen sentitzen zama sinbolikoa. Harrapaturik nengoen, bakarturik, ezeztaturik. Itolarria sentitu nuen». Ateratzeko, askatzeko, adierazteko eta salatzeko beharra. Bilboko Alondegian bihar 20:00etan aurkeztuko dute obra, eta hilaren 17an Donostiako dFeria azokan taularatuko dute.
«Zapiaren azpian nengoela, gorputzak adierazteko ahalmenagaldu zuen. Zapiak gorputzaren mugimenduak neutralizatzen ditu, ezkutatzen eta hutsal bihurtzen». Zapia gorputzari gailentzen zitzaiola ohartu zen Fattoumi. «Nik eman behar nion bere mugimenduen berri, nik esan behar nion 'horrela egitean, bestela geratzen da'. Berak ez zuen bere gorputza ikusten», azaldu du Eric Lamoureuxek.
Tentsio horretan hasi ziren pieza lantzen. Fattoumi ez zen bere gorputzaren jabe sentitzen. Eta egoera hura bere baitan sufritu, eta sentsazioa hobeki konprenitze aldera, zapia jantzi zuen Lamoureuxek, jakin arren mendebaldeko gizona izanda ez zela inoiz Fattoumiren barruarekin erabat bat egitera iritsiko. «Niretzat ez du zama kultural bat. Mozorro bat jartzea bezala da. Baina garrantzitsua zen kanpotik ikusten nituen irudiek barruko zein egoerari lotzen zitzaizkion ezagutzea». Manta-ren sortze prozesuan, beste traba bati gaina hartu behar izan zion Lamoureuxek. «Zapiak badu indar plastiko oso handi bat oholtza gainean. Ederra eman dezake. Eta guk zailtasunak eta itomenak azaldu nahi genituen, eta ez genuen nahi edertasun horrek ikuslearen begia itsutzea, edo arreta desbideratzea». Lamoureuxek zein Fattoumik argi dute:«Ez genuen azaldu nahi ez zapiaren kontra ez alde. Arazo horren konplexutasun eta mamia agerian utzi, hori baino ez».
Frantzian, Alemanian eta Belgikan erakutsi dute obra, 40tik gora okasiotan, eta emanaldien ondoren ikusleekin solastatu dira. Ikusleen artean, emakumeak izaten dira nagusi, gehienak arabiar jatorrikoak, eta batzuek zapia erabiltzen dute, «konbentzimendu osoz. Jende ikasia da, eta burua estaltzen duena baino ez dute erabiltzen».
Manta Tunisian emateko gonbita ere bazuten, baina azken gertaerak tarteko, bertan behera geratu da. Nolanahi ere, hango emakumeen artean inoiz ez dela zapia erabiltzeko joera handirik izan nabarmendu du Fattoumik. «Gure amak ez zuen erabiltzen, gure amamak kendu egin ziolako». Alabaina, azken garaian zapiaren erabilera areagotzen ari dela ikusi du. «Al Jazzeraren bitartez beste herrialde arabiar musulmanen eragina igartzen hasi da Tunisian». Heldu den urtean bere herrian dantzatzeko esperantza du. «Arteek han izango duten etorkizunaz hitz egin beharko dugu».
Agerian dira sustraiak
Hela Fattoumi eta Eric Lamoureuxek arabiar jatorriko Europako andreek janzten duten zapia aztergai izango dute bihar DantzaldianKoreografo frantsesek gogoetarako pieza bat eskainiko dute Bilboko Alondegian: 'Manta'
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu