Euripean izanagatik ere, ilara luzeak sortu dira Mexiko Hirian, Gabriel Garcia Marquez idazlea zenari azken agurra emateko. Ostegun iluntzean hil zen, eta Mexiko Hiriko Arte Ederren Jauregian omendu dute azkenekoz.
Jendetzaren txaloek eman diete ongietorria Garcia Marquez zenaren errautsei, eta hark gustuko zituen ballenato doinuak jo dituzte ekitaldian. Cien años de soledad liburua da haren ondare ezagunena, eta liburuaren pasarteak irakurri dituzte hainbat lagunek eraikinaren kanpoaldean.
Enrique Peña Nieto eta Juan Manuel Santos Mexikoko eta Kolonbiako presidenteak ere izan dira omenaldian. Santosek nabarmendu du "Kolonbiako historiako pertsona garrantzitsuena" izan dela Garcia Marquez, eta "bihotza mindua eta arima eskertua" zuela agurtu du.
Peña Nietok, berriz, azaldu du Mexiko izan zela Garcia Marquezen bizileku, "Mexikoren harrotasunerako". Bertan "bere bokazioa aurkitzeko aukera eta espazioa" topatu zuela gaineratu du.