Ahanzturaren aurkako borroka

Gerrak, gerraosteak eta erbesteak bitan banatu zuen euskal kulturaren eragile askoren biografia eta bibliografia. Haien memoria gal ez dadin, 'Estigmatizados por la guerra' liburua idatzi du Gorka Aulestiak.

Donostia
2009ko uztailaren 8a
00:00
Entzun
1936ko gerra eta hura galdu zutenek pairatu zituzten ondorio lazgarriak ekarri ditu gogora Gorka Aulestiak (Ondarroa, Bizkaia, 1932) Estigmatizados por la guerra (Euskaltzaindia) liburuan. Guduak eta frankismoak eragindako erbestea, heriotza zigorrak, kartzela aldiak eta errepresioa ditu hizpide garai haietako euskal kulturako pertsonaia esanguratsuen oroimenaren bidez. Besteak beste, Sabino Arana, Manuel Lekuona, Esteban Urkiagan Lauaxeta, Martin Ugalde, Joxe Migel Barandiaran, Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi eta Jon Etxaideri buruz idatzi du.

Hego Euskal Herriak XX. mendean jasan zuen gertakaririk lazgarriena da 36ko gerra, Aulestiaren esanetan, eta galtzaileek pairatu zituzten ondorioak «dramatikoak» izan ziren. Diktadorearen heriotzarekin batera, demokraziarantz abiatutako bidean egindako akatsak nabarmendu ditu euskaltzainak azken liburuan. Francoren aurretiko min guztia arintzea izan zen trantsizioan politikarien zeregina, baina, egiteko horretan barkazioa ahanzturarekin nahastu nahi izana salatu du idazleak. «Ahanzturaren predikazio» hark memoria historikoa deuseztea eragin zuen; ondorioz, trantsizio garaian, erbestea beste aukerarik izan ez zuten miloi erdi pertsonen edo bidean geratu zirenen sufrimendua galdu egin zen.

Aulestiak Estigmatizados por la guerra liburuan dakarrena ahanztura horren aurkako ariketa da; euskararen eta euskal kulturaren defentsan aritzeagatik «zapalduak» izan ziren hainbat gizarte eragileri eginiko «omenaldi xumea». 150.000 euskal herritar izan ziren erbesteratuak eta liburu honetan horietako batzuen biografiak bildu ditu. Egileak aitortzen du tartean izen handiak falta direla, Manuel Irujo edo Jesus Galindez kasu, baina, hitzaurrean azaltzen duen bezala, honakoa ez da historia liburua, «memoria historikoa berreskuratzearen aldeko ekarpen txiki bat» baizik.

Foruen galera

Aulestiaren lana ez da gerra eta frankismo garaira mugatu, foruen galtzetik bildu baititu azalpen eta biografiak. «Ama garaiada hori. Gerraren ama, foruen galera da nolabait. Ez dira ulergarriak euskal herritarren exilioak eta gerrak Euskal foruen izaera ezagutu gabe, haiek galtzea euskal gizartearentzattrauma bat izan zen, antzinako askatasun haiek deusezteak, era berean, ekarri zuen berpizte linguistiko eta literarioa». Hori horrela, «urrutitik» ekin dio historiaren bgiratu pertsonal honi, baina, batik bat frankismo garaian geratu da.

Bigarren gerra karlistaren amaiera, foruen galera, Primo de Riveraren diktadura, II. Errepublika, 36ko gerra, gerraostea, eta frankismoa ikertu ditu Aulestiak idazleen bidez. Ameriketara ihesi joan ziren euskal herritarrak, Ipar Euskal Herriko eta Frantziako erbestea ezagutu zutenak eta Euskal Herrian geratu zirenen erresistentzia kulturala, edo idazleak «barruko erbestea» deitzen duena, ditu aztergai frankismo garaian.

Izenburu «gogorra» ipini dio liburuari eta halakorik ez jartzeko gomendioak ere izan ditu, baina Aulestiaren aburuz, edukiak eskatzen du halakorik. «Garai haietako sufrimendua estigma bat da, orban bat da historiako memorian eta izenburua gogorra bada, are gogorragoa da bertan agertzen diren pertsonaiek jasandakoa». «Erbesteko ogia mingotsa da», laburbildu zuen, adibidez, Joxe Migel Barandiaranek erbestealdia bere egunerokoan.«Estigma hitza aukeratu nuen eta ez naiz damutzen» , dio idazleak. Azken batean, liburuak erakusten duen bezala, gerrak, gerraosteak eta erbesteak mugarri bat ezarri zuen euskal kulturaren eragile hauetako bakoitzaren biografian eta bibliografian.

Material bilketa

Ez da pertsonaia hauek eta gai hau jorratzen dituen lehen aldia. Hainbatetan idatzi du Jokin Zaitegiren, Nikolas Ormaetxea Orixe-ren edo Andima Ibinagabeitiaren inguruan. Hain zuzen ere, urteetan eginiko lanen bilketa du liburuak abiapuntu. Andres Urrutia euskaltzainburuak «xaxatu» zuen Aulestia obra hau idazteko, eta emaitza Euskaltzainak bildumako ale berria da.

Sancho el Sabio aldizkarian eginiko lanak eta Hamaika bide elkartearentzat eginiko kolaborazioak izan ditu oinarri. Hain zuzen ere, hori izan da euskaltzainaren arabera, gazteleraz idazteko arrazoia: «Aurrez gazteleraz egindako lanetatik abiatu naiz». Baina datu bilketatik haratago doa liburua, euskara eta euskal kulturaren defentsan «zanpatuak» izan ziren 43 lagunen memoria bildumak, Estigmatizados por la guerra lanak, uzta berria bakarrik. Txillardegi eta Larzabalen borroka armatua eta konpromiso kulturala lehen aldiz jorratu ditu, adibidez. «Historia honetan, Txillardegi beste olatu bat da, eta hura ere sartu dut hemen».

Liburuan jasoriko kultur eragileak



GERRA KARLISTAREN BUKAERA

Fermin Herran

Arturo Campion

Jose Manterola

Sabino Arana

1923-1930-EKO DIKTADURA

Manuel Lekuona

36KO GERRA

Joxe Ariztimuño 'Aitzol'

Esteban Urkiagan 'Lauaxeta'

AMERIKAN EXILIATUAK

Juan Antonio Irazusta

Jokin Zaitegi

Nikolas Ormaetxea 'Orixe'

Andima Ibinagabeitia

Telesforo Monzon

Vicente Amezaga

Txomin Jakakortajarena

Toribio Etxebarria

Antoni Arozena

Jon Bilbao

Eloy Placer

Xabier Scheifler

Salbatore Mitxelena

Martin UGalde

IPARRALDEAN ETA FRANTZIAN EXILIATUAK

Martzelino Soroa

Mateo Mujika

Joxe Migel Barandiaran

Jose Antonio Agirre

Francisco Javier Landaburu

Antonio Maria Labaien

Jose Eizagirre

Augustin Zubikarai

Fernando Artola 'Bordari'

Iñazio Eizmendi 'Basarri'

Andoni Urrestarazu 'Umandi'

Borroka Armatua eta kultur konpromisoa

Jose Luis Alvarez Enparantza 'Txillardegi'

Piarres Larzabal

EUSKADIKO KULTUR ERRESISTENTZIA

Koldo Mitxelena

Santiago Onaindia

Lino Akesolo

Nemesio Etxaniz

Ignacio Goikoetxea 'Gaztelu'

Balendin Aurre-Apraiz

Sabin Muniategi

Eusebio Erkiaga

Jon Etxaide
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.