Orain arteko parte-hartzerik handiena izan du Iruñea Hiria Arte Plastikoen Biurtekoaren azken edizioak. 168 artista aurkeztu ziren 2008an, eta 490, aldiz, aurtengora. Bikoitza baino gehiago. Aurkeztu diren 1.900 obren artean, antolatzaileek izan dute non aukeratua, eta Iruñeko Rodezno Kontea eraikineko arte aretoan jarri dute hautaketa ikusgai abenduaren 8ra arte: 36 artistaren 37 lan, guztira. Detaile deigarri bat eraikinaren sarreran; fosil garaikide bat. Badira asteak lehiatik baztertu zutela, baina oraindik kendu gabe dago Iruñea 2016ko Europako Kultur Hiriburu izendatzearen aldeko afixa; agian, parte-hartzearen igoeraren arrazoia iradokiz.
Orain arte baino herrialde gehiagotako artisten lanak heldu zaizkio biurtekoa antolatzen duen Iruñeko Udalari, baina Euskal Herrikoak dira, hala ere, erakusketarako aukeratu dituzten artista gehienak: 18. Espainiako 15, Galiziako 2 eta Herrialde Katalanetako bat ere badaude. Obra bakarra du ikusgai artista bakoitzak aretoan -Patxi Araujo nafarra kenduta, horrek bi dituelako-, eta, beraz, ezin esan diskurtso bateraturik dagoenik. Ahotsak, korua beharrean. Eta euskarriei dagokienez ere igartzen da hori: eskulturak, margolanak, argazkiak, bideoak eta instalazio bat ikus daitezke aretoan.
Bideo batekin abiatzen da erakusketa, Antonio Cabaleiro galiziarraren animazioarekin, eta badira artelan interesgarriak gero ere: hainbat koadroren markoen bidez paisaia baten barruan beste paisaia bat irudikatzen duen Almale Bondiaren argazkia; Jorge Gomezen zomorro batzuek jandako lore bat irudikatzen duen koadroa; Ivan Perezen bideoa... Horiek, besteak beste.
Diskurtso orokorrik gabe ere, bada hainbat artistaren lanen arteko zubirik. Gertakari ilunak iradokitzeko pop art estetikaren, komiki irudien edo umeen margolanen oihartzuna duten lanak aurkeztu dituzte, adibidez, Leto, Matias Sanchez eta Juan Jose Lazkanok.
Sorkuntzari buruzkoak dira Patxi Araujoren Espezieen jatorria muntaiak eta Julio Garciaren Entreteneos con algo margolana. Artearen eta existentziaren sorkuntzari buruzkoak. Software programa baten bidez, artxibo batetik abiatuta, bi hitz konbinatzen ditu ausaz etengabe Araujok, aukera guztien inbentario bat sortuz, eta Jainkoa sorkuntza prozesutik baztertuz, beraz. Garciaren margolanak, aldiz, zakur batzuk ageri ditu, hodei artetik hezur erraldoi bat duela ageri den Jainkoaren eskuaren zain.
Bortizkeria dute oinarrian, aldiz, Michael Kehneren argazkiek. Jende dotorea ageri dute, diruduna, autoak erre eta kalean borrokan. Sotilki eta ironiaz bortizkeriarako gonbita da Amaia Gracia nafarraren Banco no blanco eskultura. Kristalezko banku beltz baten gainean, galtzada harri gisako igeltsuzko pieza batzuek osatzen dute haren lana. Jostari, obraren izenburuarekin jokatuz -zuria ez den bankua eta jomuga ez den bankua esanahiak batzen baititu-, harriak hartu eta erabiltzera desafiatzen ditu Graciak bisitariak.
Obretariko zortzi erosi ditu Iruñeko Udalak, berebildumarako.
Ahotsak, korua beharrean
Iruñea Hiria Arte Plastikoen Biurtekora aurkeztutako 1.900 lanetatik aukeratutako 37ak erakutsi dituzte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu