Anjel Lertxundi, Edorta Jimenez, Pako Aristi, Fito Rodriguez, Tere Irastortza, Itziar Gomez, Joseba Lozano, Agurtzane Intxaurraga eta Karmelo Landa izango dira Idazle Eskolako irakasleak aurten. Izan ere, irakurtzen ikasteko eskola ez, baizik idazten ikastekoa ere bada euskal letren munduan. Graduondokoa da, urte bikoa, eta lehen eta bigarren mailen artean, denera, hemeretzi ikasle izango dira aurten. UNEDeko Bergarako (Gipuzkoa) egoitzan ematen dituzte eskolak, urritik ekainera, larunbatero.
Zortzigarren ikasturtea izango da etzi abiatuko dutena. Idazketa teknikak jorratuko dituzte hasieratik beretik, ikas lerroak malguak diren arren. Tere Irastortza idazle eta graduondokoaren zuzendariak azaldu duenez, ikasleen beharren eta interesen arabera «moldatzen» dituzte bigarren mailako irakasgaiak. Esate baterako,aurten, ahozkotasunetik gertuko literatura landuko dute ikasle zenbaitzuek hala eskatuta, eta horretarako, Itziar Gomez gidoilaria eta Agurtzane Intxaurraga antzerki zuzendari eta aktorea izango dira irakasleen artean.
Aldizkaria eta errezitaldiak
Ikasturteak aurrera egin ahala, lanak argitaratzeko aukera ere izango dute ikasleek, horretarako beren-beregi sorturiko Luma berrien eleak aldizkarian edota Gara egunkariko Mugalari kultur argitalpenean. Ilunabar Literarioak gisa ezagunak diren saioak ere antolatzen dituzte ikasleek berek, errezitatzen ikasteko. Argi da ikasgelan areagoturiko literatur zaletasuna eta giroa handik kanpo ere elikatzen dutela.
Ahozko literaturan trebatzeko saioak izango dira Idazle Eskolan
Etzi hasiko da Bergarako UNEDen antolatutako graduondokoa, Anjel Lertxundi eta Agurtzane Intxaurragarekin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu