Ipuin kontalariak sarri haurrentzat soilik izaten dira, baina helduek ere entzun ditzateketela nabarmendu dute Ahoz Aho Ahozkotasunaren Nazioarteko Jaialdiko antolatzaileek, goizean Donostian egin duten aurkezpenean. Hala, haur eta helduentzako ipuinak izango dira entzungai hil osoan, Ordizian eta Tolosan (Gipuzkoa). Nazioarteko hainbat artistak parte hartuko dute. Japoniako Yoshi Hioki, Portugalgo Luis Carmelo eta Kamerungo Boni Ofogoren emanaldiak izango dira, besteak beste. Euskal Herritik, berriz, Lur Korta, Joxemari Carrere eta Arrate Leundaren kontakizunak entzun ahal izango dira, besteak beste. Leunda, gainera, urte asko isilik egon ondoren itzuliko dela nabarmendu du Carrerek.
Jatorri eta ohitura desberdinetako jendea izaki, ipuinak "oso interesgarriak" izango direlakoan dago Lur Korta ipuin kontalaria: "Ipuin batean herri baten ohitura, historia eta hizkuntza bera daude, horien guztien isla da. Ipuin batetik bestera alde nabarmenak egongo dira, eta horrenbesteko aniztasunez entzuteko aukera oso gutxitan izaten da". Emanaldi solteez gain, bi gala antolatu dituzte: Ordiziakoa martxoaren 21ean izango da, eta hurrengo egunean, martxoaren 22an, berriz, Tolosakoa. Gau bakarrean hainbat ipuin entzuteko aukera izango da.