Errealitatera, egungo gizartean presente dauden gaietara jo du azken ipuin eta eleberrietan Xabier Mendiguren Elizegik (Beasain, Gipuzkoa, 1964). Aukera bera egin du lanik berrienean, Sakoneta nobelan (Elkar). AHT abiadura handiko trenaren gaia hartu du hizpide, eta tren lasterra egiteko bota nahi duten baserri batean kokatu du istorioa. Baina kontakizuna errealismotik «parodiara, ia esperpentora» eraman nahi izan duela azaldu du. «Ez nuen AHTari buruzko saiakera edo testigantza liburu bat egin nahi; fikzio lan bat egin dut».
Nobela «korala» egin du idazleak. «Pertsonaia asko, ahots asko agertzen dira, eta narratzailea gehiago da bitartekari bat». Baserrian bizi den gizona, kazetari «ziniko» bat, argazkilari gazte bat, ekologistak, ertzainak eta beste hainbat pertsonaia elkartu ditu Sakoneta izeneko baserrian, Euskal Herriko barnealdeko bailara batean. Egun bateko epean jazoko diren liskarren bidez, gai sozial edo politikoak ez ezik, pertsonaia bakoitzaren sentipenak eta barne kezkak azaleratuko dira.
Batez beste hiru orrialdeko luzera duten 48 ataletan banatu du nobela, eta paperean argitaratu aurretik, egunero atal bat irakurtzeko aukera izan da www.sustatu.com webgunean, Gabonetatik oraintsu arte. «Zati laburrak dira, eta egunero bat irakurtzea esperimentu bat izan zitekeen. Egun ez da halakorik egiten, baina XIX. mendean nobela guztiak lehenago atalka publikatzen ziren prentsan». Idazlearentzat «jolas bat» izan da testuari «beste bizitza bat, beste euskarri bat eta beste publiko bat ematea».
Pauso arinez kontatu du Sakoneta baserriko istorioa Mendiguren Elizegik, Antxine Mendizabal editorearen hitzetan. Beste zenbait lanetan bezala, «tonu umoretsu eta maltzur samarra» erabili duela nabarmendu du, eta «tentsioa eta intriga liburu osoan zehar mantentzea» lortu duela.
AHTaren auzia errealismotik «esperpentora» eraman du Xabier Mendiguren Elizegik
'Sakoneta' nobela berria atalka eman du Sustatu.com atarian, liburua argitara eman aurretik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu