Literatura

Aitaren egurretik, semearen ezpala

Literatur kasu berezia zabaltzen ari da Italian: 'Timor Sacro' lana argitaratu berri dute, aitaren itzalean bizi zen idazle baten nobela postumoa. Egilea, Stefano Pirandello, Luigiren semea.

2011ko abenduaren 11
00:00
Entzun
Bizitza oso baten emaitza da Timor Sacro (Beldur Sakratua), baina egileak ez zuen sekula fine hitza paratu idazlanaren amaieran. Joan den mendeko 20ko hamarkadan idazten hasi, eta 1972an hil arte aritu zen Stefano Pirandello idazlana osatzen, zuzentzen eta berridazten. Argitaratzaileen lagun izan arren, intelektual iheskorra zen, argitaletxeen logikatik at bizi zena. Izan ere, aitaren laguntzaile zeneko garaietan, bere buruarentzat idazteari uko egin zion, ezinbestean.

Luigi Pirandelloren lehen semea zen Stefano, aitaren idazkari, ordezkari, administratzaile eta kolaboratzaile aparta. Garrantzizko ardurak hartu zituen bere gain, eta ondorioz, garai hartako hainbat pertsona ospetsurekin aritu zen hartu-emanean: antzerki eta zinemako ekoizle, aktore, editore, kazetari, kritikari, enpresari eta politikari ugarirekin. Aitaren lanak eromenezko erritmoa hartu zuenean (bolada luzeak Italiatik kanpo, kontratazio ekonomiko zailak, idazketa prozesu sukartsuak), haren bitartekari bihurtu zen Stefano. Bera zen aitaren testuen lehen irakurle, eta zenbait unetan, baita idazle ere. Sarah Zappulla Muscara ikertzaileak dioenez, zinemarako eta atzerriko prentsarako hainbat testu idatzi zituen Stefanok aitaren izenean.

Zappullaren ustez, Stefano Pirandello Italiako Novecento-ko (XX. mendeko) idazle garrantzitsuenetako bat izan da, aitaren obrak itzalpean utzi izan duena. Haren esanetan, «Stefano Pirandello egiletzat aldarrikatzea maitasun ekintza da», ahanztura luzearen ordainetan datorrena. Hain zuzen ere, Cataniako Unibertsitateko irakasle den Zappullak apailatu ditu Stefano Pirandelloren lan postumoak: Tutto il teatro antologian 19 antzezlan bildu zituzten, eta Nel tempo della lontananza (Urruntasunaren garaian) liburuan aita-semeen gutun trukea, 1919-1936 artekoa.

Estua izan zen oso, aita-semeen arteko harremana. Estua eta, aldi berean, oinazetua. Maitasunezkoa eta, halaber, tiranikoa. Bazirudien emateko jaioa zela semea, hainbat aldiz bere lana sakrifikatu baitzuen, aitaren obraren mesedetan. Bere burua ukatzearen frustrazioa, antza, idatziz arindu nahi izan zuen Stefano Pirandellok. Alabaina, gehienetan izenordez sinatu zituen bere idazlanak, konpositore barroko baten izen-abizenak erabiliz: Stefano Landi.

1934an Literaturako Nobel Saria jaso zuen Luigi Pirandellok. Handik bi urtera hil zen, 1936an, eta urte hartan jaso zuen Stefanok Italiako Akademiaren antzerki saria. Aita desagertu ondoren ere, antzezlanak idazten jarraitu zuen, eta haietariko batzuk taula gainera eraman zituzten zuzendari ospetsu batzuek. Kritikari gehienek, ordea, aitaren «pirandellismo» kutsua atzematen zioten etengabe. Horrenbestez, bizitza pribatura erretiratu zen Stefano, eta idazten jarraitu bazuen ere, muzin egin zion bere lanak argitaratzeari.

Beldur sakratua

Timor Sacro lanak hiru adar nagusitan hedatzen ditu idazlearen ideiak: metaliterarioak, batetik; politiko-sozialak, bestetik, eta senitartekoak, azkenik. Zentzu horretan, Timor Sacro testamentu espirituala litzateke, jasandako desengainuak arintzeko asmoz idatzia. Egileak berak estimurik handienean zeukan eleberri proiektu hori, bere lan guztien artean.

Luigi aitak antzerki lanaren genesia landu zuen meta-teatro delakoarekin esperimentatuz. Stefano semeak, berriz, nobelara eraman zuen esperimentazioa, meta-romanzo (metanobela) delakoaren bidez. Hala, nobelaren sortze prozesuan kokatzen du kontakizuna, askotariko idazmoldeak hartu eta zalantza-balantza eginez irakurlearen aurrean.

Kontakizunak bi bizitza jartzen ditu ispiluaren alde bietan: batetik, Simone Gei idazlea, faxismoaren gorazarre izango den lanean murgilduta dagoena; eta bestetik, Selikdar Vrioni, Albaniatik atera nahian dabilena, bere leinukoen mendeku lege arkaikoei ihes egiteko. Fikziozko bi pertsonaia horien ibilbidean gurutzatzen dira, mozorrotuta, Stefano Pirandelloren bizitzako hainbat figura garrantzitsu. Senitartean, Maria Antonietta Potulano ama eta Luigi aita, baita Fausto eta Lietta anai-arrebak ere.

Era berean, fikziozko izenez jantzirik ageri dira garaiko hainbat pertsona ospetsu. Besteren artean, Pirandello aita-semeen lagunak (Corrado Alvaro eta Corrado Pavolini), politikariak (Constanzo Ciano eta Giuseppe Bottai), idazleak (Gabriele d'Annunzio, Curzio Malaparte, Alberto Savinio) eta beste piztia batzuk. Narrazioaren artifizioarekin nahasten ditu Stefanok bere esperientzia pertsonalak, baita hainbat gai arantzatsu ukitu ere: Italiako inperioaren eratzea, italiarren arteko kontsentsua, heriotza zigorra, borreroaren figura, arraza legeak, eta abar.

Esperientzia pertsonalei dagokienez, bere bizitzako zenbait sustrai aipatzen ditu: gaztetako suhartasuna, frontera abiatzea, gatibualdi latza, idealak baztertzea, aitaren itzaletik askatzea, eta azkenik, artea bere osotasunean besarkatzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.