Marc Recha zinemagile kataluniarrak etxekoekin, lagunekin eta ia etxean bertan filmatu du Un dia perfecte per volar. Planteamendu txiki-txiki batekin: paraje bakarti batean, haur batek (Roc Recha) aitak (Sergi Lopez) eginiko kometa jarriko du hegan. Kometa korapilatuko da landareen artean, eta bitartean aita-semeen arteko elkarrizketak nagusituko dira irudietan. Aitak erraldoi baten ipuina kontatuko dio.
"Filmak aitatasunari buruz hitz egiten du", adierazi du zuzendariak emanaldiaren osteko prentsa agerraldian, "aitatasun eraikitzaile bati buruz".
Rechak berak semeari eskolara doazenean kontatzen dion ipuin batetik sortu zen filmaren ideia, eta filmean nabari da Roc Rechak ipuin hori ondo ezagutzen duela, baina betiere bat-batekotasuna bilatu du zuzendariak filmaketan: "Benekotasuna eta freskura".
"Bada aita baten maitasun ekintza bat, testamentu bat. Ni ez nagoenean bera egongo da. Filma espazioan eta denboran finkatua geldituko da", gehitu du zuzendariak.
Sergi Lopez eta Marc Recha aspaldiko lagunak dira, eta aktoreak nabarmendu du pelikula "mirari filmatu bat" dela. "Umeak ezagutzen du ipuina, baina une batzuetan txunditu egiten da, eta hegan egiten du. Konplizitate handia sortu da bion artean".
Gaur goizeko emanaldiaren ostean, gaueko 22:00etan emango dute berriro ere filma Kursaaleko auditoriumean.
Bestalde, film bakarra gelditzen da Urrezko Maskorra lortzeko lehian sartzeko: Les demons. Philippe Lesage quebectarraren lana eguerdioko hamabietan emango dute Kursaalean bertan.