Irakeko inbasioari eta George W. Bushen politikari bere arbuioa azaltzeko asmoz, Aki Kaurismaki zinema zuzendari, gidoilari eta ekoizleak (Finlandia, 1957) AEBen kontrako «boikot kulturala» egitea erabaki zuen 2003an. Bederatzi urteren ondoren, boikotarekin ez jarraitzea erabaki du, eta, ondorioz, Le Havre bere azken filmak ingelesez besteko film onenaren Oscar saria lortzeko lehiatuko da. «AEBek orain presidente demokratiko bat dutela eta Iraketik tropak atera dituztela kontuan hartuta, ez dago arrazoirik boikotarekin jarraitzeko», adierazi du zuzendariak Helsigin Sanomat egunkarian.
Bi aldiz ezezkoa
Kaurismaki nazioartean sari gehien jaso duen zinemagile finlandiarra da, eta klase sozial zigortuenak dira sarritan haren filmetako protagonistak. 2002an Mies vailla menneisyyttä(Iraganik gabeko gizona) zuzendu zuen, Oscar sarietan ingelesez besteko film onena lortzeko izendaturiko lehen film finlandiarra. 2003an, ordea, Irak inbadituko zutela iragarri zuten AEBek, Oscar sariketa baino egun gutxi batzuk lehenago. Kaurismakik, orduan, uko egin zion ekitaldira joateari: «Ezin dut parte hartu Oscar sariketetan,AEBetako gobernuak arrazoi ekonomikoengatik gizateriaren kontrako krimenak egiteari uzten ez dion bitartean», idatzi zion orduan Hollywoodeko akademiari. 2006an, Laitakaupungin valot(Ilunabarreko argiak) filma egin zuen, eta zinema akademia finlandiarrak Oscarretan herrialdea ordezkatzeko izendatu zuen. Kaurismakik hori jakin zuenean, ordea, lehiaketatik erretiratu zuen.
Le Havre lanak Canneseko aurreko jaialdian nazioarteko kritikaren Fipresci saria jaso zuen. Le Havre portu hiri frantsesean kokatua, Afrikako gazte etorkin bati laguntzen dion zapata garbitzaile baten istorioa kontatzen du, adiskidetasuna ardatz duela. Finlandia, Frantzia eta Alemaniaren artean ekoitzi dute, eta Kaurismakik frantsesez filmatu duen bigarren filma da, La vie de Bohéme lanaz geroztik (1992). Portu hirietako bizitzari buruz trilogia bat osatu nahi du zuzendariak.
Aki Kaurismakik amaitutzat eman du AEBen kontra egin duen «boikot kulturala»
Zuzendari finlandiarrak onartu egin du 'Le Havre' bere azkeneko filma Oscar sarietan lehiatzea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu