Harmonia, erritmoa, forma, ehundura eta tinbrea. Guztiak berritu zituen Claude Debussy musikagile frantsesak bere pianoarekin. Orkestrentzako partiturak idazten zituen, eta horiei esker, Frantziako zein Europako musikagile garrantzitsuenetarikoa izatea lortu zuen. Musika modernoaren aitzindari izan zen haren musika. Modu koloretsu eta eraginkorrean erabiltzen zituen akordeak, eskola inpresionistako koadroen antzera, kritikarien hitzetan. Horregatik, inpresionismoaren zutabeetako bat izan zen. Asteazkenean, haren jaiotzaren 150. urteurrena izango da. 1862ko abuztuaren 22an jaio zen, Saint-Germain-en-Layen (Frantzia).
Txikitatik izan zuen Debussyk lotura musikarekin. Manuel Achillek, aitak, antzerki lirikoa ikustera eramaten zuen maiz, eta garai hartako opera asko ikusi zituen han. Zazpi urterekin jaso zuen lehenengo piano ikastaroa, eta hiru urte geroago, 10 urterekin, Parisko kontserbatorioan onartu zuten. Garai hartako musika estiloak ezagutu zituen han, baina pixkanaka horietatik urrundu zen eta bere estilo propioa sortu zuen. «Zerbait desberdina egiten saiatzen naiz», zioen 1908an idatzitako eskutitz batean.
Erromako Saria irabazi zuen 22 urterekin. Musikagileentzako lehiaketa bat zen, eta L'enfant prodige (Haur mirari) lanari esker irabazi zuen. Erromara joateko aukera eman zion sariak. Villa Medicisen egon zen urtebetez, baina ez zuen ia ezer sortu han. Hala ere, Richar Wagner musikagile alemaniarraren Tristan und Isolde (Tristan eta Isolda) opera aztertu zuen. Asko miresten zuen Debussyk Wagnerren estiloa. Baina ez zen izan beragan eragina izan zuen artista bakarra. Musika jarri zien poeta askoren lanei. Verlaine, Boudelaire eta Rossettiren poemei, esaterako.
Depresio garai bat baino gehiago izan zituen Debussyk. Gautxoria zen, eta arazo pertsonal asko izan zituen. Dena den, izan zituen garai onak ere. 1892. urtean hasi zen bere obra ezagunenak idazten. La Démoiselle élue izan zen lehena, eta kritikaren arreta erakarri zuen berehala. Forman, harmonian eta tinbrean egin zituen berrikuntzengatik, musika erotikoaren berezitasun sexuala aipatzen zuten gehienek. 1894an idatzi zuen obrarik ezagunena: Prélude à l'après-midi d'un faune (Fauno baten siestaren preludioa). Stephane Mallarmeren poema batean oinarritu zen hura idazteko, eta, horrekin ere, berrikuntza ugari ekarri zituen. Poemak sorrarazi ziona erakutsi nahian, era berritzaile batean erabili zituen baliabide guztiak. Erromantizismo bukaeran, orkestrentzako obra luzeak egiten ziren, baina Debussyk laburrago bat egin zuen, eta Mallarme bera hunkitu zuen harekin. «Mirespen osoz estutzen dizut eskua, Debussy», idatzi zion Parisko kontzertutik atera ondoren.
Orkestra osoa, gutxitan
Orkestrentzako obrak idatzi zituen, batez ere, Debussyk. Baina orkestrak modu ezohikoan erabiltzen zituen. Hiru txirula, bi oboe, bi klarinete, bi fagot, lau tronpa eta bi arparekin aurkeztu zuen Mallarmeren poema irudikatzen zuen lana, eta guztiz arraroa zen hori garai horretan. Orkestra osoa erabiltzen zen normalean, baina Debussyk, orkestra oso bat erabili arren, oso gutxitan erabiltzen zituen instrumentu guztiak batera. Prélude à l'après-midi d'un faune lanarekin ezarrita zegoen estetikatik urrundu egin zen, lehenengo aldiz.
Operentzat ere idatzi zuen. Pélleas et Mélisande (Pelleas eta Melisande) izan zen osorik egin zuen opera bakarra, eta haren lanean artean liskar gehien eragin zuena ere bai. Jarraitzaile askok ez zuten ulertu musika, eta estreinaldiaren ondoren, Frantziako musikagile eztabaidatuena bilakatu zen Debussy. «Iraultzaile eta erradikala», hori zela esan zuten kritikariek. Hala ere, emankizuna behin baino gehiagotan entzunondoren, onartu egin zuten Debussyren estiloa.
Hiru neska-lagun izan zituen musikagile frantsesak: Therese Roger, Rosalie Taxier eta Emma Bardac. Eta, kritikariekin ez ezik, haiekin ere izan zituen eztabaidak. Bardac izan zen azkena, eta 1904an joan zen harekin bizitzera. Hark aurreko biak baino diru gehiago zeukan, eta horri esker, askoz gehiago idatzi zuen musikagileak garai horretan. La Mer (Itsasoa) triptiko sinfonikoa lan horietako bat izan zen. Denetariko kritikak jaso zituen. Batzuek zioten musikarekin ezin zela ez itsasoa entzun, ez ikusi, ez sentitu. Hala ere, beste batzuek esan zuten inpresionismoaren estiloa hoberen erakusten duen obra dela. Egun, Debussyren orkestretarako partiturarik garrantzitsuenen artean kokatzen dute adituek.
1909an, ondeste minbizia diagnostikatu zioten musikagileari, eta 1918. urteko martxoaren 22an hil zen, Parisen. Azken urteetan, idazten jarraitu zuen. Baina haren estiloari zenbait aldaketa antzematen zaizkio. Publikoarentzat ez ziren erakargarriak garai horretan idatzitako partiturak, eta, gainera, musikagile berrien musikak gero eta ospe handiagoa zeukan. Igor Stravinski izan zen musikari berri horietako bat. Baina Debussy ez zen minberatu haren ospeagatik. Asko miresten zuen musikariaren lana, eta haren zenbait elementu erabili zituen azkeneko bi lanetan. Honako hau idatzi zion lagun bati hari buruz: «Sentimenduz betea dago Stravinskiren musika. Ezagutzeko aukera baduzu, ez izan zalantzarik!»
Akorde inpresionistak
Orain dela 150 urte jaio zen Claude Debussy, XIX. mendeko musika estiloa eraberritu zuen musikagile frantsesaInpresionismo musikalaren zutabeetako bat izan zen, orduko estetikatik urrunduz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu