«Haren obraren eta izenaren aitortza egin gabe zegoen, eta honi esker zor bat kitatu dugula esango nuke». Javier Viar Bilboko Arte Eder museoaren zuzendariaren hitzak dira. Anselmo Guinea (Bilbo, 1855-1906) pintoreaz ari da. Haren erakusketa monografiko bat aurrenekoz egongo da ikusgai, Arte Ederren museoan. Anselmo Guinea. Modernitatearen jatorriak euskal pinturan dauka izena. 85 margolan: horien erdiak argitaragabeak gaur egun arte, eta besteak, berriz, azkenekozjendearen aurrean duela ehun urte baino gehiago erakutsitakoak. Guineak «lengoaia berriekin» esperimentatu zuela nabarmendu zuen Mikel Lertxundi erakusketako komisarioak, atzo egindako aurkezpenean. Horregatik, funtsezko margolaria da euskal pinturak XIX. mendearen bukaeran eta XX.aren hasieran izandako eraldaketa artistikoa ulertzeko. Viarren ustez, garai horretako aldaketa estetikoaren «gidarietako bat» izan zen, Dario de Regoyos eta Adolfo Guiardekin batera, besteak beste. Maiatzaren 20a arte egongo da ikusgai erakusketa.
Tamaina handiko eta txikiko olioak bildu dituzte batez ere —bildumagileenak gehienak—. Baina akuarelak, marrazkiak, lau eskuizkribu eta garai hartako argitalpenetarako espresuki egindako zortzi ilustrazio ere bai. Lertxundik, gainera, Guinearen bizitzari zein ibilbide artistikoari buruzko ikerketa lan zorrotza egin du, eta erakusketari buruzko katalogo bat argitaratu.
Kronologikoki ordenatu dute erakusketa. Izan ere, Guineak pertsona gisa izandako garapenak eta haren garai artistikoek bide paraleloak marraztu zituzten. Baina, Lertxundiren ustez, margolariak ezaugarri jakin batzuei eutsi zien bere ibilbidean: «Marrazketa bikainari, zentzu narratiboagatik zuen interesari, konposizioari eta argiaren hartzeari».
Bilbon jaio, eta Ramon Elorriaga eta Antonio Maria Lekuonarekin ikasi ondoren, 1874an Madrilera jo zuen Guineak, Pintura, Eskultura eta Grabatuen Eskola Berezian ikasketak osatzeko asmoz. Urte horren amaieran, baina, Erromara joan zen Manuel Maria Gortazar politikari eta enpresariaren mezenasgoari esker. Hartara, erakusketaren lehen aretoan bere gaztetako obra dago ikusgai. Lertxundiren arabera, argi ikusi ahal da akuarelarekin esperimentatzen ari zela eta, eta «paisajismo argitsurantz» ere jo zuela. Garai horretako margolan gehienak tamaina txikikoak dira.
Bigarren aretoan, berriz, garrantzi handia daukate 1881 eta 1887 artean Erroman pasatu zituen urteek. «Garai horretan han indarrean zeuden korronteak bere egin zituen: fortunismoa, pintura orientalista, historikoa...», jakinarazi zuen Lertxundik. Aldi berean, Italiako hiriburuan arrakastara eraman zuten koadroak ere bildu dituzte areto horretan. «Kostunbrismo jatorreko lanei esker, atzetik eduki zituen atzerriko arte salerosleak». Ukitu anekdotikoa zuten margolan horiek: «Irribarrea bilatzen zuten».
Etxera itzultzean Lekeitio izan zuen bizileku. «Orduan ere kostunbrismoari eutsi zion, baina Erroman bereganatutako teknikak aplikatuz». Garai bertsuan Guiard bueltatu zen Paristik, eta harekin harremana estutu zuen. «Hark lengoaia konpositibo berrien ateak ireki zizkion Guineari: naturalismo frantziarra, paisajismo berri bat...». Baina horrekin nahikoa ez, eta 1892an Parisera bertara bidaiatzeko beharra sentitzen du. «Inpresionismoa, puntillismoa, modernismoa edo sintetismoa, besteak beste, bertatik bertara ezagutu nahi zituen».
Manuel Losada margolariarekin jo zuen harantz, eta han Ignacio Zuloagarekin bizi izan ziren hiriaren inguruetan. «Horregatik, han egindako bere obran hori bera islatzen du». Etxera bueltatu zen 1892an bertan, Deustura hain zuzen ere, eta pintura kostunbrista egiten jarraitu: erlijiozaletasuna, baratzeak, baserriak, familia.... «Eszenario berriak behar ditu, ordea, eta Arratiara asko jotzen zuen. Garai hartan hura zen, nola esan, Bizkaiko erreserba espirituala edo», adierazi zuen Lertxundik. Kostunbrismoari eusten zion, hortaz, landa giroari, baina Bizkaiko iraultza industrialaren eragileetako batzuekin jarri zen harremanetan, Ramon de la Sotarekin adibidez, eta haren enkarguak margotu zituen. «Ibaiganeko jauregiaren beira-leihoen enkargua jaso zuen De la Sotaren eskutik. Eta Ibaizabaleko itsasadarren egindako estropadak ere margotu zituen». Lertxundiren iritziz kuriosoa da hori guztia: «Izan ere, kontu tradizionalei tira egiten zien berak, iraultza industriala gertatzen ari zenean».
Eragina, nabarmena
Hil baino lehenago, 1902 eta 1905 bitartean, egonaldiak egin zituen, berriro, Italiako hiriburuan. «Sinbolismoa eta errealismo soziala landu zituen lan horietan, baina umorez beti». Kostunbrismoa, beraz, hori da bere obraren ezaugarri nagusietako bat. Lertxundik bere dohainak ere zerrendatu zituen jarraian: «Dotorea zen oso konposaketan, akabera zaindua ematen zien bere lanei, eta debozioz bezala erabiltzen zuen pintzela».
Irakaslea zen Bilboko Arte eta Ofizioen Eskolan, eta akademia bat ere zabaldu zuen. Guinearen pinturak, gainera, Arrue anaien (Jose eta Ramiro) edo Angel Larroquerengan eragina eduki zuela pentsatzen du Lertxundik: «Hurrengo belaunaldietako pintoreen lanetan Guineak erabiltzen zituen teknika konpositiboa eta plastikoa antzeman daiteke». Viarrek aspalditik zuen ondarehori ordenatzeko eta katalogatzeko intentzioa: «Eta modu zorrotzean eta zabaltasunez egin dugula uste dut».
Aldaketa estetiko baten gidari
Anselmo Guineari buruzko lehen erakusketa monografikoa ikusgai, Arte Eder museoan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu