Iraungitze data bat du literaturak. Hipotesi hori plazaratu zuen, behintzat, Billy Collins poetak Poesiaren arazoa izeneko poeman. «Eta nola bukatuko da,/ ez bada egun batez/ munduko gauza guztiak/ munduko beste gauza guztiekin konparatu ditugunean/ eta egiteko ezer gabe gure koadernoak/ isilean itxi eta idazmahaietan eskuak gurutzatuta/ eserita egotea beste egitekorik ez daukagunean?». Oraindik, ordea, baliagarria da metaforen joko zaharra; eta ez soilik literatura egiteko, baizik eta baita literaturaz aritzeko ere. Hala sortzen dira epitetoak. Eta hortik datorkio, adibidez, John Cheever idazleari Aldirietako Txekhov ezizena. XIX. mendeko ipuingile ezagunenetariko batek azaltzen du XX. mendeko AEBetako ipuingile esanguratsuenetariko bat. Bizirik balego, 100 urte beteko zituzkeen gaur. Cheeverrek, noski, ez Txekhovek.
Badu itzalik haren lanak. National Book Award jaso zuen 1979an, eta Falconer eta The Wapshot Chronicle izeneko eleberriak, esaterako, XX. mendean ingelesez idatzitako ehun nobelen listan jarri zituen Modern Libraryk. Halere, ipuingile da, batez ere, Cheever, eta nagusiki, abizen horrekin egin dio aurre urteen joan-etorriari. Eta haren jaiotzaren urteurrenean ere alderdi hori nabarmendu dute argitaletxeek ere: ipuin bildumak hautatu dituzte efemeriderako. Random House argitaletxeak The stories of John Cheever (John Cheeverren ipuinak) bilduma berritua kaleratu du. Austral argitaletxeak ere adierazi du gaztelaniara itzulitako idazlearen testuak argitaratuko dituela, baina oraindik ez du zehaztu zein izango diren.
Massachusettsen jaio zen, eta New Yorken eman zituen bere bizitzako urte asko. New Yorken kokatu zituen bere kontakizunetariko batzuk ere. Hango idazletzat jotzen dute horregatik, eta bada muturreko konparazioetan erori denik ere. Ossiningeko Ovidio deitu izan dute Cheever, New York estatuko herriari eta autore klasikoari keinu eginez. Urrunegi joanda, ziur asko. Geografia aldetik bai, baita literatura aldetik ere.
The New Yorker aldizkarirako ipuinak idazteak eman zion bultzada. 45 dolar jaso zituen Buffalo izeneko ipuinagatik. 1942an argitaratu zuen lehen bilduma: The Way Some People Live (Zenbait jendek duen bizitzeko modua). Nonbait, Cheever hura ez zen Cheeverren gustukoa, ordea, eta liburu haren kopia oro suntsitzen saiatu omen zen. «Lotsagarriki heldugabea» iruditzen zitzaiolako. Baina gehiago etorri ziren gero, eta iluntasun berezi bat dute haietariko askok.
Konparazioz konparazio egiten duBlake Bailey biografoak idazlearen bilakaeraren kontakizuna. Haren lehen ipuinetik, haren lanik ezagunenetara. «Expelled izeneko kontakizuna izan zen argitaratu zuen lehena. 18 urterekin idatzi zuen, eta idazle amerikar batek inoiz egindako debutik onena izan daiteke. Gero, Hemingway sasoi moduko bat izan zuen; Txekhov sasoi bat gero, harik eta 1946 inguruan Cheever heldua heldu zen arte. Eta gero are hobea bilakatu zen, 1950eko eta 1960ko hamarkadetan».
Eden ustela
Ederra da Cheeverren jarioa. Beste idazleen oihartzunak ageri arren Cheeverren ahotsa duen Cheever horrena. Zerua eta infernua batzen dira haren testuetan, Charles McGrath kritikariaren hitzetan: «Eden ustel bat eta edertasun limurtzaileko infernua».The enormous radio (Irrati erraldoia) izeneko kontakizuna eta The swimmer (Igerilaria) izenekoa dira sonarik handiena dutenak. Eta The swimmer horren hasierako parrafoetariko bat izan daiteke iparramerikarraren idazkera zainduaren froga. Lagun giroan dago Neddy Merril izeneko pertsonaia, festan, igerilekua duten lagun batzuenean, eta etxera itzultzeko ordua heltzen zaionean, bidea igerian egin dezakela erabakiko du, igerilekuz igerileku osa dezakela bere etxe atarirainoko bide bat.
Maisuki lotzen eta bihurritzen ditu kontakizunean errealismoa eta surrealismoa idazleak. «Kartografoaren begiz ikusten zuen igerileku erreka hori, herria gurutzatzen zuen erdi-lurpeko erreka hori. Aurkikuntza bat egin zuen. Ekarpen bat geografia modernoari, eta bere emaztearen omenez Lucinda deituko zuen erreka hura. Ez zen oso bromazalea, ezta tontoa ere, baina zinez bakana zen haren asmoa, eta legendazko figura umil eta lausotzat ikusten zuen bere burua. Egun ederra zen eta, iruditu zitzaionez, igeriketa saio luze batek luzatu eta ospatu egingo zuen haren edertasuna». Ipuinak aurrera egin ahala, ordea, ilunduz doa eguraldia, baita protagonista inguratzen duen mundua ere. Gradualki.
Hala ere, Cheeverren nondik norako pertsolanek itzala egin diote Cheever idazlearen lanari, eta haren testuek baino arreta handiagoa piztu du maiz pertsonak. Bada non begiratua, gainera. Idazle dira haren seme-alabak ere, eta biografiarik ez zaio falta. Haren egunerokoak ere argitaratuta daude, gainera. Bailey biografoak dioenez, «Amerikako literaturan hobekien dokumentatuta dagoen barne bizitza da harena». Idazlearen bisexualitatea izan da beti jendearen arreta piztu duten gaietariko bat, eta Seinfield izeneko AEBetako telesail batean ere izan zen kapitulu bateko mintzagaia.
Esperimentatu beharraz
«Minaren baretzeko». Horretarako balio zuen fikzioak, Cheveerren hitzetan. Horretarako eta baita esperimentatzeko ere. «Fikzioa beti da esperimentazioa; hala ez denean, ez da fikzio. Esaldi bakoitza idaztean sentitzen du batek esaldi hori sekula ez dela hala idatzi, eta, again, baita esaldi horren muina lehenago inork sentitu ez duela ere. Esaldi bakoitza berrikuntza bat da». Eta pieza ederrak utzi zituen berak. Adibide bat: «Ilun zegoen dena; mendietan urrez jantzitako erregeak elefante gainean dabiltzan gau bat».
Euskaraz ez dago haren ipuinik. Horrek ez du esan nahi, ordea, euskal letretan oihartzunik izan ez duenik. Kateak ez dira hausten hain erraz. Iban Zaldua ipuingileak, adibidez, idazle amerikarraren hitzak erabili izan ditubere burua ipuingiletzat aurkezteko. «Ados nago John Cheever-rek esan zuenarekin», dio Zalduak: «Dentista baten itxarongelan, hagin bat ateratzeko zain zaudela zure buruari kontatzen diozun hori da ipuina edo narrazioa... Gure heriotzaren kontrako aginduaren esperoan pasatzen dugu denbora, eta nobela baterako denbora nahikorik ez duzunean, tira, hortxe dago ipuin laburra. Oso ziur nago: heriotzaren une zehatzean gure buruari ipuin bat kontatzen diogu, ez nobela bat».
Literatura
Aldirietako Txekhov
XX. mendeko AEBetako ipuingilerik esanguratsuenen artean dago John Cheeverren izena. Gaur, ehun urte beteko zituzkeen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu