Alegoria baten hondakinak

Franco hil hurren zela grabaturiko 'Furtivos' filmeko irudiz estali du Dennis Adamsek Moises Perez Albeniz galeriako zoruaFilm baten gainean oinez ibiltzeko aukera ematen du artistak Iruñeko erakusketan

Dennis Adams artista estatubatuarra, Iruñeko Moises Perez Albeniz galeriako zoru osoa hartzen duen erakusketan. IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS.
Inigo Astiz
Iruñea
2011ko azaroaren 21a
00:00
Entzun
Biluzik daude Iruñeko Moises Perez Albeniz galeriako hormak, zuri: lurrean dago erakusketa. Apenas ikus daitekeen zorua, orri guztien azpian. Jose Luis Borau zinema zuzendariak 1975ean eginiko Furtivos filmaren sekuentzia baten fotogramak dira. Ehunka fotograma. Dennis Adams artistak (1948, Des Moines, AEB) jarri ditu hor, eta kontuz dabil bere lanaren gainean oinez; bisitariei ere berdin egiteko gonbita egiten die: kontuz, baina jostari. «Nik dakidala, lehen aldia da ikusleak film baten gainean ibiltzeko aukera duena. Arrazoi bakar horregatik ere merezi du hartu dudan lanak». Pare bat hilabetez izango da Iruñean Otso artean oinez erakusketa.

Goxoa da oinetan orriak sentitzea; bortitza lurrean ikus daitezkeen irudien sekuentzia. Film osoko bortitzena, Adamsen ustez. Horregatik hautatu du. Gainera, ordenan antolatu dio bisitariari minutu beteko biolentzia hori; eskuinean hasi, eta ezkerrean buka. Sinplea da kontakizuna: harrapagailu bat ezkutatzen du emakume batek basoko orbel artean; otso bat erortzen da tranpan, eta buruan kolpe bat emanez hiltzendu animalia emakumeak. Irudi horrekin bukatzen da sekuentzia, baita erakusketa ere.

2004an ikusi zuen filma lehenengoz Adamsek, eta liluratuta gelditu zen. «Goyak sekula egindako ezer bezain ona da lan hori; agian, baita hobea ere», azaldu du artistak. «Zentsurari desafio argia egin zion alegoria bat da filma, funtsean. Francoren ondare izugarria erakusten dute filmeko pertsonaien arteko intzestu eta bortizkeriak». Zentsoreek ere ikusi zuten hori, eta mozketak egiteko agindu zioten Borau zuzendariari. Hark ezetz erantzun, ordea, eta, halere, Donostiako Zinemaldian saria jaso zuen. Izan ere, antolatzaileek bat egin zuten Borauren plantoarekin, eta argi azaldu zieten beren jarrera agintariei: edo Furtivos lehian sartzen zuten, edo ez zuten zinemaldirik antolatuko. «Balentria bat izan zen», azaldu du Adamsek.

Garaipen haren hondakinak eraman ditu berak Iruñeko galeriara. Adamsen jarrera, ordea,ez da derrotista; kontrakoa. «Hondakinetan beti dago erredentzio une bat.Uste dut hondakinetan denak beste forma bat hartu eta itzuli egin litekeela». Horregatik eraman du sekuentzia galeriako lurrera, eta Walter Benjamin pentsalariarengana jo du azalpena osatzeko. «Haren hitzetan, alegoria bat hondoratu bezain pronto, beste alegoria bat dago ernatzeko prest, eta hori gertatzen da Furtivos-ekin ere. Filmaren alegoriak lurra jotzen badu, beste alegoria bat egon liteke haren hondakinetan, hurrengo belaunaldi bat noiz helduko zain».

Ez da Adamsen iritzia soilik. Jose Luis Borau zinema zuzendaria ere antzera aritu zen Franco hil ondoren eginiko adierazpenetan. «Otso bati, emakume bati eta baso bati buruzko filma baino ez da orain Furtivos, baina litekeena da berriz ere beste zerbait bilakatzea. Berregin egin beharko da horretarako». Eta berregite aurreko une hori irudikatu nahi izan du Adamsek bere erakusketan. «Tenplu bat erori, eta XVIII. mendean haren paretik pasaru zenak mundua ordenatzeko beste modu bat sor zezakeen hondakin horietatik. Berdin gertatzen da erakusketa honekin ere».

Autobiografia edo plagioa

Kosta egiten zaio filma ikustea, aitortu duenez, eta, horregatik, indarra kendu nahi izan dio. Babes moduko bat da erakusketa, dioenez. «Oso autobiografikoa da lana, baina ezin dut azaldu zertan». Francisco Umbral idazlearen aipu bat erabili du gero, bere ateraldia justifikatzeko. «Plagioa da autobiografia ez den oro».

Adamsekumetako pasadizo bat aipatu du, esaterako, erakusketa paseo moduan antolatzeko arrazoitzat. «Jean-Jacques Rousseau idazleak liluratuta ninduen. Hura izan zen naturan barneratu eta hari gertutik begira jarri zitzaizkion lehen pertsonetariko bat. Kritikariek beti pentsatu dute Rousseau oso inuzentea zela bere ibilaldiei buruzko idatzietan, baina ez da hala; paranoiko bat zen. Erabat haserre zegoen kulturarekin, eta haserre horretatik sortu zen haren begirada berezia. Oso eragin handia izan zuen horrek nigan». Horregatik antolatu omen du erakusketa ibilaldi baten gisa. «Bestetik, beti izan dut gogoa film batean paseatzeko».

Edertasunaren aurka

Bere lana zapaltzera animatu ditu bisitariak berriz. Izan ere, garrantzi berezia dute ikusleen oinatzek erakusketan. Hiru esanahi geruza aipatu ditu artistak; filmarena da lehena, haren fotogramen irudiena bigarrena, eta ibiltarien oinek utzitako markena azkena. «Gorroto dut argazkigintza», dio. «Argazkilariak beti dabiltza edertasun bila. Hori da argazkigintzaren historia: irudian ageri diren hauts eta tolestura aztarnak baztertu, eta ahalik eta inpresiorik garbiena lortzeko ahaleginaren historia. Filmean ez da halakorik gertatzen, eta lurrean dauden irudietan igarri egiten dira zeluloidearen inperfekzio horiek. Horien gainean utziko ditu ibiltariak bere oinatzak gero. Argazkigintzaren edertasun egarri horretaz libratzeko saio bat da erakusketa».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.