Oraindik ere La chispa de la vida azken filma nazioartean promozionatzen ari da Alex de la Iglesia, baina atzo atzera begiratu behar izan zuen, halabeharrez. Izan ere, zuzendari bilbotarraren ibilbideari buruzko elkarrizketa liburua aurkeztu zuten, atzo, Madrilen. La pasión de rodar dauka izena, eta Euskadiko Filmategiak kaleratu du. Jesus Angulok eta Antonio Santamariak De la Iglesiarekin hiru egunetan izandako elkarrizketetan oinarrituta dago. «Egia esan, solasaldi horiei ez genizkien filtro gehiegi jarri», aitortu zuen zuzendariak, atzo, aurkezpenean.
Espainiako Zinema Akademiako presidentea zen garaiaz, bere bizitza pertsonalaz edo Payasos en la lavadora eleberriaz mintzo da De la Iglesia liburuan, besteak beste. Gainera, haren obrari buruzko ikerketak, eta egindako film bakoitzarenbegiratu zehatzak gehitu dizkiote La pasión de rodar-i.
«Gure ibilbideak zorroztasuna eta irizpide jakin batzuk dituela erakusten saiatzen gara zuzendariok, baina gezurra da», aitortu zuen De la Iglesiak. Halere, iruditzen zaio gauza bat ondo egin duela bere ibilbidean: «Ez naiz umilegia, huts egiten dut horretan, baina esango nuke jendea dibertitu dudala». Horren erakusgarri, Nantesko Zinema Espainiarraren Jaialdian haren atzera begirako bat egingo dute, bihar hasi eta hilaren 27a bitartean. Acción mutante, 800 balas, Perdita Durango, Crimen Ferpecto, Balada triste de trompeta eta La chispa de la vida filmak emango dituzte.
Alex de la Iglesiaren ibiliari begiratua, solas liburu batean
'La pasión de rodar' Euskadiko Filmategiak kaleratu du, eta Jesus Angulo eta Antonio Santamariak idatzi dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu