Donostiako 66. Zinemaldia

Alexander Payne izango da epaimahai ofizialeko burua

Rossy de Palma, Nahuel Perez Biscayart, Francesca Cima, Agnes Johansen eta Bet Rourichek osatuko dute mahaia.

itziar ugarte irizar
2018ko irailaren 7a
16:05
Entzun

Jaialdiaren 66. aldia hasteko bi asteren faltan, epaimahai ofiziala aurkeztu du gaur Donostiako Zinemaldiak. Sei kidek osatuko dute: Alexander Payne zuzendari estatubatuarra izango da mahaiko presidentea, eta alboan izango ditu Rossy de Palma eta Nahuel Perez Biscayart aktoreak, Francesca Cima eta Agnes Johansen ekoizleak eta Bet Rourich argazki zuzendaria. Sail Ofizialean lehian izango diren filmen artetik Urrezko Maskorra nori eman hautatuko du seikoak.

Beste sailetako epaimahaiak ere argitu ditu Zinemaldiak. Zuzendari Berriak sailean, Katrin Pors (epaimahaiburua), Diego Lerman, Inma Merino, Nashen Moodley eta Lea Mysius izango dira epaimahaikideak; euskal zinemaren Irizar sarira Karmelo Vivanco ekoizleak (epaimahaiburua), Amaia Revuelta Donostia Kultura Zinema unitateko kideak eta Olga Cruz ile apaintzaileak erabakiko dute; eta Zabaltegi-Tabakalera saria Filipa Ramos idazle argentinarrak eta Santos Zunzunegi EHUko katedradunak aukeratuko dute.

Donostiara helduko diren aktoreen eta zuzendarien lehenengo izenak ere aurreratu dituzte gaur. Oraingoz, Juliette Binoche, Laetitia Casta, Timothee Chalamet, Ricardo Darin, Lily-Rose Depp, Ryan Gosling, Claire Foy, Mercedes Foran, Robert Pattinson eta John C. Reillyk baieztatu dute jaialdian izango direla.

Donostia Saria jasotzera etorriko dira, halaber, Judi Dench aktore britainiarra, Hirokazu Kore-eda zuzendari japoniarra eta Danny De Vito aktore, zuzendari eta ekoizle estatubatuarra.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.