Alexander Sokuroven 'Faust' filmak jaso du Veneziako Urrezko Lehoia

Michael Fassbenderrek jasotako gizonezko aktore onenaren Volpi sariarekin etsi behar izan du 'Shame'-k

Agentziak
Venezia
2011ko irailaren 11
00:00
Entzun
«Oso hunkituta» jaso zuen atzo Veneziako zinema jaialdiko Urrezko Lehoia Alexander Sokurov errusiar zinemagileak, Faust filma zuzentzeagatik irabazitakoa. «Honelako zerbait lortzeko, oso bide luzea ibili behar izan dut», adierazi zuen, saria jaso berritan. «Oso zoriontsua naiz zineman bizi naizelako eta Europan bizi naizelako». Errusiak egun hauetan hegazkin batek izandako istripuagatik bizi duen dolua ere gogora ekarri zuen bere hitzaldian.

Garrantzi handiko garaipena da Sokourovek eskuratu duena, aurten oso maila handia aitortu baitiote adituek Veneziako zinema jaialdiaren sail ofizialari. Steve McQueenen Shame zen askorentzat Urrezko Lehoia eskuratzeko faborito nagusia, baina gizonezko aktore onenaren Volpi sariarekin etsi behar izan du. Michael Fasbbender irlandar aktore Alemanian jaioarentzat izan da zehazki sari hori, eta Fassbenderrek Shame-n erakutsi duen «ausardia» goretsi du bereziki epaimahaiak. Emakumezko aktore onenaren Volpi saria, berriz, Deannie Yip-entzat izan da, Ann Hui-ren Tao Jie (A Simple Life) txinatar filmean egindako lanagatik.

Zuzendari onenaren Zilarrezko Lehoiak ere Txinarako bidea hartu du, Shangjun Cai-ri eman baitiote, Ren shan ren hai filmarengatik. Epaimahaiaren sari berezia Emmanuele Crialese-ren Terraferma-rentzat izan da.

Goetheren 'Faust' oinarrian

Goetheren izenburu bereko obran oinarritutako filma da Sokurovena, baina Thomas Mannen Doctor Faustus-en oihartzunak ere baditu. Eszena desatsegin ugari filmatu zituen zuzendariak, baina gero haietako asko soberan zeudela jabetu zen. Nolanahi ere, filma oso gogorra da. «Iluntasunean galtzen den gizaki baten istorioa da», Sokuroven ustez, «naturak duen okerrenari aurre egin behar dion gizon batena».

Hasieran Italian filmatzea pentsatu bazuen ere, gero Txekiar Errepublikara, Alemaniara eta Islandiara jotzea hobetsi zuen, Italian «perfekzio eta edertasun gehiegi» aurkituko zuelakoan. Botereari buruzko zikloa osatu du Sokurovek Faust-ekin. Aurretik, Hitler, Lenin eta Hiroitori buruzko film bana zituen zuzenduak, besteak beste, ziklo horren barruan.

Bestelako saririk ere banatu zen atzoko ekitaldian: nabarmentzen hasitako aktore onenarentzako Marcello Mastroianni sariak Shota Sometani eta Fumi Nikaidok jaso zituzten, Sion Somoren Himizu japoniar filmean egindako lanarengatik; gidoi onenarentzako Osella saria Yorgos Lanthimos-en Alpis greziar filmarentzat izan zen; eta ekarpen teknikorik onenaren Osella saria Robie Ryanentzat, Andrea Arnold-en Wuthering Heights filmean egindako lanagatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.