Bost emanalditan zazpi estreinaldi bildu dituzte aurtengo Hamabostaldiko Musika Garaikideko zikloaren barruan, eta guztiek jarraituko diote ildo antzekoari:jaialdiko leitmotiva den heinean,
Claude Debussyren Paris inpresionistaren gertuko musika landuko dute, eta horiekin uztartuko dituzte doinu garaikideak, elektronikarantz jotzen duten pieza saturatu gisakoak. Dena dela, ezin da Debussyren eta musika garaikidearen arteko bereizketa bere horretan egin, musikari frantsesa gabe zail baita egungo konposizio moduak konprenitzea, Ramon Lazkano zikloaren koordinatzaileak argitu duenez: «Garai hartako eskema formalak eta harmonikoak apurtu zituen Debussyk, eta inspiratzaile izan da musika garaikiderako».
Egitarau askotarikoa osatu dute, Lazkanoren irudiko. «Denetarik izango da, emozio guztiak asebetetzeko lain. Gainera, obra gehienak aurkikuntza berriak izango dira entzuleentzat». Gaur, hasteko, Alfonso Gomez pianista gasteiztarra ariko da, 20:00etan, Kursaaleko erabilera anitzeko aretoan. Sorkuntza garaikidearen bilaketa du interes nagusi Gomezek, eta kontzertua horren erakusgarri izango da, hein handi batean. Aurreko mendeko eta mende honetako euskal eta frantses autoreen partiturak interpretatuko ditu: konparazio baterako, Maurice Ohana, Gotzon Aulestia, Yan Maresz, Sofia Martinez, Tristan Murail eta Felix Ibarrondorenak.
Bihar, ostera, Josetxo Silguerosaxofoi jotzaile irundarra ariko da, The DK Projection Herbehereetako taldearekin batera. Teknologia berriei eta esperimentazioari zabaldutako proposamena eskainiko dute, eta garrantziberezia izango du Javier Larreinak sortutakoeremu eszenikoak. Gerard Grisey, Felix Ibarrondo, Angel Arranza, Franck Bedrossian, Javier Quislant eta Alberto Posadaren lanak izango dira entzungai. Silguerok konpromiso handia agertu du musika garaikidearen sorkuntzarekin, zentzurik zabalean konprenituta. Sinfonia, ganbera musika, elektronika, jazz eta inprobisazioan aritu da, besteak beste. Musika elektroakustikoaren alorrean eginiko lanaren ondorioz, 30 partituratik gora estreinatu ditu. The DK Projection, berriz, diziplina anitzetan aritzen den talde independentea da. Musika eta artea eraldatzeko tresna gisara ulertzen dute teknologia, eta arte bisualetan, teknologia aplikatuan eta soinuaren espazializazioan garrantzia duten musika generoak birpentsatzen dabiltza.
Beteranoak diziplina askotan
Ganbera musika garaikidearen interpretazioan jarduten dute Ensemble l´instant Donnekoek, eta etzi egingo dute emanaldia. Jean-Luc Herve, Arturo Fuentes, Jose Luis Campana, Frederic Pattar, Gerard Pesson eta Andre Boucourechlieven lanez osatu dute egitaraua. 2002an lehendabizikoz elkartu zirenetik, Parisko bost interpreteak ezagun bihurtu dira beren interpretazioen kalitate handiagatik. Aukeran, nahiago dute zuzendaririk gabe jo.
Ostiralean, Ensemble Recherchek Gerard Grisey musikagilearen obrak eskainiko ditu, oro har, nahiz eta lehenago Mark Andre eta Pascal Dusapinen batzuk ere gogora ekarriko dituzten. Orain 27 urte sortu zenetik, 400 estreinalditik gora egin ditu taldeak, tartean antzerki proiektuak, irrati emanaldiak, zinema ekoizpenak eta diziplina gehiago direlarik.
Arditti Quartet harizko taldeak amaituko du zikloa larunbatean, Gabriel Erkorekaren Dardarak-en estreinaldiarekin. Horrez gain, Hugues Dufourt, Cristobal Halffter, Christophe Bertrand eta Philippe Manouryren lanak ere entzun ahal izango dira. Urtetan, harizko laukoteetarako lanen sortzaile izan da Arditti, eta sari ugari eskuratu ditu, Gramophone Award, kasurako.
Donostiako 73. Musika Hamabostaldia
Alfonso Gomez pianistak irekiko du gaur Musika Garaikideko zikloa
Debussyren Parisekin lotutako piezak eta doinu elektroniko zein saturatuak uztartuko dituzte bost egunez
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu