Etorkin mexikarren semea da. Bera, ordea, estatubatuarra (San Antonio, Texas, 1951). Umetan «ia derrigorrean» ingelesez hitz egin behar izaten zuen, eta apenas egiten duen hitzik gaztelaniaz. Big Station disko kaleratu berrian kantatu du aurrenekoz gaztelaniaz. Baina Mexikoko kultura eta hango soinu tradizioak oihartzun handia dauka lan berrian. Gaur Donostiako Viktoria Eugenia antzokian ariko da. 20:00etan hasiko da kontzertua, eta aurrez PLV Havoc Donostiako bakarlaria ariko da.
Mexikora egindako bidaia batek barrena irauli zion. «Ikusi nuen gizakia zein triskantza egiteko gai den. Ikusi nuen droga kartelek zein suntsipen egin dezaketen». Ordura arte hedabideen bidez jasotako informazio zena zerbait sentimenduzkoagoa bihurtu zitzaion. Eta sentimendu bortitz hori Big Station diskoan islatu du.
«Mexikoko tradizioa oso presente dago nire bizitzan eta musikan. Idazten eta konposatzen dudan moduan igartzen da hori, ikuspegi emozional batetik abiatuta egiten dudalako». Suntsitzen ari den mundu batez kantatu nahi zuen, bizirik irautea beste helbururik ez duen jendez beteriko mundu horretaz. Gaueko bakardadeari aurre nola egin ez dakiten pertsonaiez dihardu Too Many Tears kantuan. Maitasun ezinezkoaz ari da San Antonio Rain-en, eta eguneroko errutina goibelarekin borrokan dabiltzanen inguruan Never Stood A Chance-n, eta ustelkeria politikoaz nahiz narkotrafikatzaileen bortxakeriaz Sally Was A Cop-en.
The Nuns punk taldean eman zituen lehen pausoak Escovedok, 70eko hamarkadan. Familia guztia musikari lotua izan du. Anaietako bi perkusio jotzaileak ditu: Coke Escovedo eta Pete Escovedo. Peten alaba ere, Alejandroren iloba, musikaria da. Beste anaia bat, Mario Escovedo, The Dragons hard rock taldeko burua izan zen, eta beste anaia batek, Javier Escovedok, The Zeros punk-rock taldean jotzen zuen.
80ko hamarkadan, Austinera joan zen bizitzera, eta han AEBetakomusika sustraidunarekin jarri zen harremanetan. Countryaren ahaireak bereganatu zituen Rank and File eta The True Believers taldeetan. Hala ere, bakarkako diskoak kaleratzen hastean aurkitu zuen bere benetako ahotsa, benetako musika nortasuna. Gravity-k (1992) eta Thirteen Years-ek (1994) AEBetako musika alternatiboaren esparruan leku bat egiteko balio izan zioten. Kritikak eta zaleek ez ezik, beste musikari batzuk ere Escovedoren ekarpena aitortzeko konplexurik ez dute orduz geroztik. No Depression aldizkariak, Americana deitu izan den horren agerkari garrantzitsuenetako batek, 90eko hamarkadako musikari hautatu zuen. «Niretzat ohore handi bat izan zen, baina nire lagunek burla egiteko erabiltzen zuten», aitortu du Escovedok umorez. Berak Bob Dylan, Elvis Presley, Bruce Springsteen, Tom Petty eta David Bowie miresten ditu, besteak beste. Azken diskoa grabatzeko, denetarik entzun duela dio, ordea: Raxid Taha, Tinariwen, LCD Soundsystem, Stooges eta Jonh Coltrane, esaterako. Ez dio Mexikori soinu omenaldirik egin nahi izan disko berriarekin, baina narrazio moduak eta sentimenduen trataerak corrido-ek lantzen dituztenen modukoak direla dio.
Sentimenduak, maitasuna eta laguntasuna «musikan ere» ezinbesteko elementu dira, Escovedoren iritzian. 2003an hepatitis C gaitzak jo zuen eta hilzorian egon zen. Garai hartan ez zuen mediku asegururik, baina hainbat lagun musikarik (Steve Earle, Lucinda Williams, John Cale, Ian Hunter, The Jayhawks...) omenaldi disko hunkigarri bat grabatzen lagundu zioten. «Keinu hark sendatu ninduen».
St. Vincent bihar
Bihar ere ordu berean eta leku berean kontzertuak izango dira. Mursegok emango du lehen kontzertua Viktoria Eugenia antzokian, eta St. Vincent kantugile estatubatuarra ariko da ondoren. Annie Clark du berezko izena 1982an Tulsan (Oklahoma, AEB) jaiotako musikari horrek. Bakarkako lanari ekin aurretik The Polyphonic Spree taldekoa izan zen, eta Sufjan Stevensen musikari taldekoa ere bai. 2006an hasi zuen bakarkako ibilbidea. Gitarraz gain, pianoa, teklatuak, baxua, theremina eta beste hamaikatxo instrumentu jotzen ditu. Rock eta pop kantuak egiten ditu, jazz-kabaret ukituarekin. Strange Merry (2011) du orain arteko azkena lana.
Americana, 'corrido' eran
Alejandro Escovedo Donostiako Viktoria Eugenia antzokian ariko da gaur, 'Big Station' azken lana aurkezteko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu