Momofuku (2008) eta Secret, Profane & Sugarcane (2009) disko txukunak izan arren, garai bateko maisulanak gainditzeko gai ez zen Elvis Costello bat aurkeztu ziguten. Rhythm and bluesarekin eta country-folkarekin jolasten zuten, hurrenez hurren, eta, nahiz eta bitxi batzuk eman, ez zuten This Year's Model, Imperial Bedroom, Spike edota Painted from Memory-ren pisua, ingelesak hainbat garaitan grabatu dituen disko bikainak aipatzen hasita.
Bitxia bada ere, National Ransom-ek lotura argiak ditu Secret, Profane & Sugarcane-rekin —hemen ere AEBetako musikarekiko miresmena antzematen da—, baita orain dela hogei urte grabatu zituen diskoekin —Spike-ri (1989) zerion dramatismoa antzeman daiteke une batzuetan—, eta, hala ere, orain arte Costelloren ibilbidean oso ohikoak izan ez diren bideak ere jorratzen ditu. Alde horretatik, azken urteetan grabatu duen diskorik handinahiena izan daiteke.
Secret, Profane & Sugarcane bezala, T Bone Burnettek ekoitzi du lan berria, eta The Imposters nahiz The Sugarcanes azkenaldiko talde laguntzaileekin grabatu du. Eta hor daude izen handiko musikariak: Marc Ribot, Jim Lauderdale, Buddy Miller, Leon Russell… eta baita Costelloren betiko lagun Steve Nieve eta Pete Thomas ere.
Guztien artean eraiki dute estilo zaharretatik edanda ere, Costelloren ibilbidean eroso kokatzen den diskoa.Hemen, King of America-ra (1986) garamatzaten country-folk doinuak aurkitu ditzakegu (Five Small Words), aurreko diskoko folk soila berreskuratu du (Bullets For The New-Born King) eta une askotan rockaren aurreko garaietako musikak gaurkotu ditu: vaudeville, bluegrass-a edota ragtime-a esaterako (A Slow Drag With Josephine, A Voice In The Dark).
Beste une batzuetan, The Attractions-en garai sutsuak ekarri ditu gogora (National Ransom) edota Mighty Like A Rose (1991) diskoan bezala, Beatles-ekiko zaletasuna erakutsi (Church Underground). Eta estilo batetik bestera saltoka —hau du azken urteetako bere diskorik askotarikoena—, bere kantutegi oparoan aurreneko lekua hartu beharko luketen kantu ugari utzi ditu: Jimmie Standing In The Rain jazzya, I Lost You country-popa, Stations Of The Cross balada ederra…
Amerikako errege (berriz ere)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu