Ametsen arteko zubiak

Dejabu konpainiak 'Gure bide galduak' lana estreinatuko du larunbatean eta igandean Donostian

gorka erostarbe leunda
Donostia
2011ko urriaren 6a
00:00
Entzun
Lantalde gaztea da, baina ez horregatik hasiberria. Guztiek dute eskarmentua antzerkiaren munduan. Dejabu konpainia Errautsak lanarekin — Artedrama eta Le Petit Theatre de Pain taldeekin batera— egin zen ezagun, batez ere, antzerkizalearentzat. Ainara Gurrutxagak eta Urko Redondok sortu zuten bere burua panpin laborategitzat duen konpainia, 2001ean. Gure bide galduak lana ondu du aurten, eta asteburuon taularatuko du estreinakoz—udaberrian egin zuten estreinaldiaren aurreko saio moduko bat, Itsasun (Lapurdi), Korrika Kulturalean—. Donostiako Lugaritz kultur etxean izango da estreinaldia, larunbatean (20:00etan) eta igandean (19:00etan). Hamar euro balioko du sarrerak.

Taldekideek beraiek behin baino gehiagotan adierazi izan dute euren antzerki moldea errealismo majikoarekin lot litekeela. Eta obra berriak ere baditu genero horretako elementuak, oso errealitate jakin batetik abiatuta amets egiteko gonbita egiten baitu. Franco hil ondorengo lehen urteetan kokaturik dago istorioa, eta baserri giroko herri txiki batetik (Zubieta) hirira (Errenteria) irakasletza ikasketak egitera doan neska baten gogoetak ditu ardatz.

Ainara Gurrutxagak idatzi zuen antzezlanaren abiapuntua, bere amak errealitatean bizi izandakoa gomutan harturik. Ondoren, taldeko kide guztiek osatu dute obra, entsegu lekuaren espazioan bertan pertsonaiak eta haien istorioak inprobisatuz. «Hirira doan neska horrek gizarte berritu baten deskubrimendua egiten du. Hezkuntzan lan egin nahi zuen jendea, amets berriez betea zegoena, gizartea aldatzeko prest zegoena, langile mugimenduan dabilen jendea, politikan dabilen jendea... Oro har, kalean bizi zen giroa islatu nahi izan dugu», azaldu du Redondok. Orduko ametsak eta egungoak ez dira berdin, baina beti dago ametsen beharra duen jendea, Redondoren hitzetan. «Horregatik, gure ametsetatik abiatuta garai hartako gazte haiei egindako errekonozimendu bat ere bada».

Gurrutxagak eta Redondok taldean lan egiteko gogoa zuten, eta beste hiru antzezlerengana jo zuten lan berrirako. Miren Alkalak, Iñigo Aranbarrik eta Maria Alonsok osatzen dute lantaldea. Horiez gain, Arantxa Vicedo musikaria ere taularen gainean agertuko da gitarra zuzenean jotzeko. Sortze prozesuan aktoreek beraiek garrantzi handia izan dute, aldioro istorioa sortzen eta moldatzen joan baitira pertsonaiak eraikitzearekin batera: «Ipuin bat sortzea gustatzen zaigu, eta pertsonaien bidez egiten dugu hori». Pertsonaien inguruko obra bat da, hain zuzen ere, Miren Alkala antzezleak azpimarratzen duenez: «Oso obra fisikoa da, mugimenduak garrantzi handia dauka». Mugimenduak ez du etenik ia obrak irauten duen 70 minutuan.

Mugimendu hori agerian jartzeko, agertoki berezi bat atondu dute taldekideek. «Plataforma txiki bat sortu dugu. Aktoreok ipuin kontalari modura lan egiten dugu, sartu eta atera. Eta, gainera, bakoitzak pertsonaia desberdinak jokatzen ditugu».

Lan korala

Abiapuntua idazteaz gain, guztien artean eraikitako pertsonaia nahiz istorioak hari narratibo bakarrera ekarri, eta ideia txatalak josteko ardura izan du Gurrutxagak, baita lana zuzentzekoa ere. Lan korala egiteko asmoa hasieratik izan zuen taldeak. Horregatik bost aktoreetako bakoitzak bi pertsonaia antzezten ditu, eta guztiek osaturiko koro bat ere badago, hain zuzen ere. Gurrutxagak, adibidez, Kattalin pertsonaia nagusia, bidaia fisikoa egiten duen pertsonaia antzezteaz gain, Manuelen rola ere jokatzen du, paper fabrika batean lan egiten duen galiziar etorkinarena, alegia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.